Leioak 2016ko udan egin zuen bat CES izeneko programagaz, hau da, katuak atzeman, antzutu eta askatzeko egitasmoagaz, kalean bizi diren katuen kolonietako populazioak kontrolpean izateko. Jakina da, bestalde, kolonia horietako aleei jan-edana ematen ohi dietela hainbat lagunek. Haatik, COVID-19 pandemiak eragindako egoerak etxetik irteteko aukera zeharo murriztu die katuen zaintzaileei.
Hori dela eta, Leioako Udaleko Gizarte Ongizate, Osasun eta Animalien Babeserako Arloak iragarri du aldi baterako baimen berezia emango duela zeregin horretarako. Eskuratu gura dutenek mezu elektroniko bat bidali beharko dute animalienbabesa@leioa.net helbidera, zein kolonia elikatzen duten eta gutxi gorabehera zenbat katu dituen adierazita, norberaren izen-abizenez, NAN zenbakiaz eta udalerriaz gain.
Udalak egiaztatu egingo du adierazitako koloniak benetan existitzen direla, eta horren arabera banatuko ditu baimenak. Horien kopurua mugatua izango da, eta baliogabetu ahal izango dira.