Lertutxeko urtegia mantendu dadin sinadurak biltzen hasi dira

Unai Brea 2020ko api. 24a, 20:12

"Lertutxe, aintzira bai" goiburua erabilita, change.org webgunean sinadurak batzen hasi dira, Leioako campusetik hurbil dagoen urtegi hori desagerraraz ez dezatela eskatuz. Ekimena abiarazi dutenen esanetan, urtegiaren presan arrakala bat agertu da, eta eremuaren ugazabak, Dow Chemical enpresak, urtegia deuseztatu gura du konponketari ez ekitearren.

"Lursail hori Udalari uzteko saiakerek ez dutenez aurrera egin (inork ez du konponketa bere gain hartu gura), Dow Chemical enpresak aintzira suntsitzea erabaki du, haren fauna eta landare guztiakaz", dio sinadura-eskariagaz batera argitaratutako testuak. Zehazki, EHUren Bizitzaren Basoa monumentuaren ondoan dago Lertutxe (urtegia lehenago zegoen, dena esatera).

Bertan urte osoa bizi diren hainbat hegazti-espezieri eta migrazioetan geldialdia hantxe egiten duten beste batzuei egingo lieke kalte Lertutxe desagertzeak, adierazi dutenez. Baita hainbat arrain, dortoka, ugaztun txiki eta abarri ere. "Orain herritar askok gozatzen dugun inguru horren ordez, salgai ipiniko duten landa-eremua egongo da", zehaztu dute, "eta inguruko ortuak ere kenduko dituzte; hala, horien ugazabek, 41 eguneko epean eta konfinamendu betean, bertako animaliak fruta-arbolak... eroan beharko dituzte, galdu gura ez badituzte".    

Bizkaiko Foru Aldundiari eta Dow Chemical enpresari egin diete eskaria.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun