Koronabirusa Uribe Kostan

Udalaren izapide batzuk aurrez aurre egin daitezke gaurtik

Unai Brea 2020ko mai. 18a, 14:10

© LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak Herritarren Arretarako Zerbitzuak (HAZ) zabaldu ditu, bai Udaletxekoa bai Gaztelubidekoa, Ibilgailuen gaineko Zerga ordaintzea errazteko. Hori bai, ordainketa txartelagaz egin beharko da derrigorrez, ezin izango baita eskudirurik erabili. Beste izapide batzuk ere egin ahal izango dira aurrez aurre, hitzordua eskatuta.    

Iaz 1.200 herritar inguruk ordaindu zuten aurrez aurre ibilgailuen zerga, eta aurten, izapide hori errazteko, azken asteetan itxita egon diren HAZak zabaltzea erabaki du Udalak. Hala ere, eta beste zerga batzuk bezala, ordainketa posta elektronikoz helbideratzeko aukera dagoela gogorarazi dute.

Esan gabe doa indarrean dauden higiene- eta prebentzio-neurriak bete beharrekoak izango direla. Izapide bakoitza egiteko pertsona bakarra sartu ahal izango da arreta-bulegora, eta eraikinaren barruan gehienez hiru pertsona egon ahal izango dira aldi berean; gainerakoek kanpoan itxaron beharko dute. Maskara eroatea gomendatzen da. 

Beste izapide batzuk egiteko aukera egongo da, baina aldez aurretik hitzordua eskatuta, eta ezinbestekoa bada. Udalak gogorarazi du gainerako tramiteak egoitza elektronikoaren bidez edo sac01@leioa.net posta-kontuaren bidez egin beharko direla.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun