Rap ikastaro online batean parte hartu ahal izango dute Leioako bost emakumek

Unai Brea 2020ko mai. 22a, 13:44

Leioako Udaleko Berdintasun Sailak aukera emango die bost emakume leioaztarri ekainean egingo den rap ikastaro batean parte hartzeko. La Furiak eta Rebeca Lane kantariek emango dute ikastaroa, online, martitzen arratsaldeetan.

Parte hartu gura dutenek mezua idatzi behar dute laket@leioa.net helbidera, izen-abizenak adieraziz. ez dute argitu zelan aukeratuko dituzten bost parte-hartzaileak, izena emandakoen kopurua hortik gorakoa bada.

"Ikastaro honekin emakumearen gorputzak eta buruak dituzten gaitasunak garatzera bultzatu nahi dute", adierazi du Leioako Berdintasun Sailak, "eta horrekin batera, emakumeak musikan, bereziki, HipHop eta Rap kulturan betetzen duen paperaren paradigma apurtzea ere". Ikastaroan parte hartzen dutenek musika, erritmoak eta berbak sortzen ikasiko dute, "zapalkuntzak apurtuz eta alternatibak eraikiz".

Bost saio izango ditu ikastaroak, ekaineko martitzen bakoitzeko bana, eta Jitsi Meet plataforma erabiliko da horiek emateko (parte-hartzaileek argibideak jasoko dituzte bertara sartzeko). Ordutegia 18.00etatik 19:45era artekoa izango da, eta ikastaroa gaztelaniaz egingo da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun