Leioa Waterpolok Espainiako maila gorenean jokatuko du datorren denboraldian

Unai Brea 2020ko mai. 24a, 22:30

© LEIOA WATERPOLO

Leioa WLB taldea mailaz igo da, Espainiako Waterpolo Federazioak erabaki baitu koronabirusaren ondorioz lehiaketa bertan behera geratu aurretik Lehen Mailako (izatez, estatuko bigarren maila) ligako sailkapeneko lehenengo biak izatea datorren denboraldian Ohorezko Mailan jardungo direnak. Izan ere, une hartan bigarrena zen Leioa WLB. 

Hala, sortu zenetik lehen aldiz Preemaat Ligan (babesletza-arrazoiengatik izen hori du gaur egun) jokatuko du Leioa Waterpoloren emakumezko talde nagusiak. Klubaren esanetan, igoera gertakari historikoa da, eta sekulako balentria, Espainiakoa munduko ligarik onenetakoa baita emakumezkoen waterpoloaren esparruan: "Hor jokatzen dute gaur egungo Europako txapeldun gehienek". 

Leioa izango da Premaat ligan (gizon zein emakumezkoenean) taldea duen udalerririk txikiena, eta Euskal Herriko bakarra. Klubak argitu duenez, orain arte Ohorezko Mailan jardun duten ia talde denak Madrilgoak eta Kataluniakoak izan dira.     

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun