"Euririk egiten ez duenean, itsasadarraren eskuineko ertzeko urak beste aldera eramaten dituen saneamendu-sistemak (Lamiakoko ponpatze-estazioaren bidez eramaten dira Galindoko HUAn araztuak izan daitezen) emaitza ezin hobeak izaten ditu", azaldu du Ur Partzuergoak. Arazoak euria egitean sortzen dira, urak gainezka egiten baitu, eta ez gutxitan: Partzuergoak bidalitako informazioaren arabera, urtean ehun gainezkatze inguru izaten dira.
Horrelakoetan tratatu gabeko urak itsasadarrera isurtzen dira, eta hori ez jazotzeko eraiki gura dute azpiegitura berria. Hasierako asmoa hondakin-uren araztegi (HUA) bat egitea zen, baina Ur Partzuergoaren berbetan oraingo proiektuak ez du hainbesteko ingurumen-inpaktua: "Okupatutako lur-eremua askoz txikiagoa da eta instalazioaren zatirik handiena lur azpian edo eraikin baten barruan egongo da", adierazi dute. Lanen kostua 28 milioi eurokoa izango dela aurreikusi dute.
Herritarren proposamenak jasoko dituzte
Esan bezala, proiektuaren gaineko parte-hartze prozesua antolatu dute Ur Partzuergoak eta Leioako Udalak. Ekainaren 1etik 24a bitartean gauzatuko da eta iradokizunak, iritziak eta proposamenak helarazteko bide bi egongo dira: webgune bidezko galdetegi bat eta online saio bi, ekainaren 17an eta 18an, lehenengoa herritarrei zuzendua, eta bigarrena erakunde eta elkarteei. Saiootan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da, webgunean edo 688 736 136 zenbakira deituz. "Prozesuan aurkezten diren proposamen guztiak aztertuko dira, eta egokitasun teknikoaren eta ekonomikoaren arabera proiektuan barne hartuko dira", adierazi du Ur Partzuergoak.
Egunotan, proiektuaren nondik norakoak eta prozesuan parte hartzeko bideak azaltzen dituen liburuxka baten 13.400 ale bidaliko dituzte etxeetara.