Bizikletaren erabilera sustatzeko proiektuak gailendu dira Leioako aurrekontu parte-hartzaileetan

Iker Rincon Moreno 2020ko uzt. 9a, 10:23

Bizikletaren erabilera sustatzeko bidegorriak luzatzea proposatu dute herritarrek, besteak beste. CC-BY TXO

Daborduko amaitu da Leioako Udalaren Aurrekontu Irekien parte-hartze prozesua; hala, 2021ean martxan jarri beharreko proiektuak aukeratu dituzte herritarrek. Udal arduradunek azpimarratu dutenez, ekimen horren bigarren edizio honek "harrera oso ona" izan du herritarren aldetik, "eta horrek agerian uzten du herrian finkatutako parte-hartze prozesu bat dela". Denera 380 leioaztarrek parte hartu dute lehenengo fasean, 918 proposamenakaz.

Bozketa bidez aukeratu dituzte martxan jarri beharreko lau proiektuak; hala, bozka gehien jaso dituztenak hurrengoak izan dira:

    1. Bidegorrien sarea EHUrantz luzatzea eta lehendik dauden bidegorriak lotzea.
    2. Metroaren biribilgunea, oinezkoentzat eta bidegorria itsasadarragaz eta Erandiogaz lotzea.
    3. Zebrabideetako argiztapena indartzea.
    4. Bizikleta eta patinete elektrikoen mailegua, baita horietarako aparkalekuak prestatzea ere.

Lehen fasean, 380 leioaztarrek parte hartu zuten, eta, guztira, 918 proposamen helarazi zituzten horretarako irekitako bideen bitartez: kaleko postontziak, herritarren arreta zerbitzua, posta elektronikoa eta LeioaZabalik gardentasun-ataria. Udaleko teknikariek horietako bakoitza aztertu ondoren, 10 proposamen lehenetsi ziren, "bideragarriagoak eta eskagarriagoak" zirenak 2021eko aurrekontuetan sartzeko. Udalak nabarmendu duenez, lehenengo fase horretan jasotako hainbat proposamen aldez aurretik ere jasota zeudela Legegintzaldiko Planean, eta horrexegatik ez direla kontutan hartu ekimen honetarako, "nahiz eta era berean garatuko diren".

Fase hori amaitu ondoren, COVID-19aren eraginez deklaratutako alarma egoera dela eta, bigarren fasea berriro diseinatu behar izan zuen Udalak. Unean uneko osasun-gomendioak kontutan hartuta, aldatu egin ziren herritarren parte-hartzea ahalbidetzeko moduak; kanal birtualak eta aurrez aurreko beste batzuk mantendu egin ziren, hala nola postontziak, baina informazio-karpak alde batera utzi ziren. Oraintsu, aldiz, bigarren fase hori bukatutzat eman eta 10 finalisten artean gustukoen zituzten 4 proposamenak bozkatzeko aukera izan dute herritarrek. Udalaren arabera fase horrek harrera "bikaina" izan du, 689 bozkagaz.

Ekintza horiek denak eta prozesuaren emaitzak LeioaZabalik-en argitaratutako hainbat txostenetan jasota daude, herritarrei kontsultatu ahal izateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun