Herri gehienetan Berbalagun edo Mintzalagun izena duen ekimen berdina da Berbaldun. Honenbestez, jendeak elkarregaz euskaraz egiteko aukera emateko sortutako ekimena da. Leioan 2014-15 ikasturtean hasi zen martxan. Bederatzi talde eratu zituzten orduan, eta 51 lagun hasi ziren horietan (31k eutsi zioten ikasturtea amaitu arte). Aurreko ikasturtean (2019-2020), berriz, 86 lagun hasi ziren, hamahiru taldetan. Osasun-larrialdiaren erruz ikasturtea amaitu orduko 45ek segitzen zuten, hamaika taldetan eta telematikoki jardunez. Aurten, iazko hasierarako kopuruetara hurbiltzea da euren nahia.
Izena emateko, berbaldun.leioa@gmail.com helbidera idatzi edo 688 850 129 zenbakira deitu edo WhatsApp mezua bidali beharra dago.
Berba-taldeak eta bestelako jarduerak
Euskaraz komunikatzeko gutxieneko gaitasuna duten 17 urtetik gorakoek har dezakete parte Berbaldunen. Euskaraz ikasten dabiltzanei, euskalduntze-prozesua amaitu berri dutenei, inguruan euskaldun gutxi egoteagatik euskaraz jarduteko aukera gutxi dutenei... zuzenduta dago ekimena. Astean behin elkarregaz berba egiteko batzen diren taldeak dira oinarria (gutxienez euskaldun oso bat egoten da horietan), baina bestelako jarduerak are antolatzen dituzte: Berbodromoak, txangoak, hitzaldiak...