Dantza, antzerkia, umorea, zirkua... Kale-artearen hamaika adierazpide izango dira gozagarri jaialdi honen lehenengo edizioan. "Sektoreari laguntzeko asmoa" agertu du Udalak, aurkezpen-ekitaldian Iban Rodriguez alkateak esan zuenez, COVIDaren ondorioz Umore Azoka bertan behera utzi behar izan den urtean.
Izan ere, oraingo jaialdi hau ez da azoka izango, "hala ere erakusleihoa izango da gure konpainia askorentzat, eta honezkero hainbat kultur programatzailek esan digute Leioan egongo direla egun horietan", zehaztu dute antolatzaileek.
Kaleko ekitaldiez gain, sektoreko profesionalentzako jarduerak ere egingo dituzte jaialdiaren barruan. Batez ere, "eredu berri bati buruz" arituko dira,"Euskal Herriko kultura-sektorea une honetan nola dagoen" diagnostikatuko dute eta etorkizun berriak aztertzen saiatuko dira. Jardunaldiak eguen, bariku eta zapatuan izango dira, Kultur Leioako Auditoriumean.