Elkarretaratzea egin dute Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren murrizketa salatzeko

Erredakzioa 2020ko urr. 24a, 13:46
© LEIHOA.INFO

Udalaren Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua ematen duen Sacyr enpresako langileek eta zerbitzu horren erabiltzaileek (55 pertsonak denera) elkarretaratzea egin zuten atzo, barikuan, Leioako Bulebarrean, Udalak zerbitzu horretan iragarritako murrizketengatik protesta egiteko. Gizarte Ongizate Sailak eskutitz bidez jakinarazi die erabiltzaileei astelehenetik (urriak 26), eta urtea amaitu arte, gutxitu egingo dela "zerbitzuaren intentsitatea".

Leihoa.info agerkariak azaldu duenez, udal-sail horretako arduradunak, Juan Carlos Martinez zinegotzi sozialistak, asmoa agertu du "zerbitzuak ahalik eta gehien doitzeko, ahalik eta kalterik txikiena eragiteko". Hala, autonomia duten pertsonek zerbitzua jasotzeari utziko ei diote astelehenean bertan, eta I, II eta III graduetako mendekotasuna dutenen kasuan ordutegia laburtuko da, bakoitzaren beharren araberako proportzioan.

"Pena ematen digu neurri gogor hau hartu beharrak", adierazi du Martinezek bere gutunean, "baina modu bakarra da indarrean dagoen legediarekin bat egin eta aldi berean Leioako Udalak zerbitzua ematen duen enpresarekin duen kontratua betetzeko".  Ondorioetako bat da zerbitzua ematen zuten langileetatik, aldi baterako kontratua zutenek ez dutela lanik egingo astelehenetik aurrera, Sacyr enpresak hala erabakita.

Horri erantzunez, atzoko elkarretaratzerako deia egin zuen ELAk. Bertan zabaldutako idatzian, sindikatuak adierazi zuen "garaiotan gustu txarreko txantxa iruditu behar lukeela Leioako Udalak etxez etxeko laguntza-zerbitzua murrizteak, baina ez, benetako albistea da".  ELAren esanetan, "langileek egoeraren berri izan dute erabiltzaileek WhatsApp bidez jasotako jakinarazpenei esker". Bidegabetzat jo zuten hori, baina bestalde, sindikatuak gehitu zuen erabiltzaile zein langileei adierazi zaiela neurria behin-behinean eten egingo dela astebetez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun