Behin baieztapena jasota, etxeko txikiek aukeratutako datan jarri beharko dute kameraren aurrean. Olentzerok "modu magikoan" egingo du bat eurakaz, eta hainbat minutuko elkarrizketa izango dute.
"Gabonak garai berezia dira, eta txikienek egiten dute berezi. Beraiengatik Olentzeroren ohiko kabalgata berrasmatu behar genuen. Konfinamenduan zehar, haiek izan ziren gainerakoei heldutasun lezioa eman zietenak, konfinamendurik handiena bete zuten. Aurten are gehiago merezi dituzte Gabonak, Olentzero falta ez dadin ", adierazi du Iban Rodriguezek.
Gaineratu dutenez, hainbat postontzi ipiniko dituzte herriko hainbat lekutan, umeen gutunak jasotzeko. Hain zuzen ere, udalerriko ikastetxe publikoetan bana ipiniko dute (Txomin Aresti, Altzaga ikastola, San Bartolome ikastetxea, Lamiako ikastetxea eta Artatzako ikastetxea), baita Gaztelubideko bulegoan, Sakonetan eta Kultur Leioan ere.
Azken horretan, hain justu, umeei begirako Gabonetan antzerkira zikloa izango da abenduko azken egunetan. Aurreikusitako emanaldien gaineko informazioa duzue HIRUKAren Agenda sailean. Helduentzako eskaintzari dagokionez, Tartean Teatroa konpainiak Ez dok ero antzezlana emango du abenduaren 18an, Kultur Leioako auditoriumean; bertara joateko sarrera bikoitz bat zozkatuko du HIRUKAk.