“Hitzarmen honek gune hau berreskuratzeko lanean jarraitzeko aukera ematen digu”, adierazi du Iban Rodriguez alkateak. Lan horien bitartez, Lamiakoko dartsena bereganatzea eta, aldi berean, metroa lurperatzea ahalbidetzeko asmoa dutela gaineratu du EAJkoak.
Gainontzeko alderdi politikoek proiektuaren planteamenduagaz ados azaldu diren arren, beraien ñabardurak egin dituzte, proiektua bere osotasunean zehaztu gabe dagoelakoan.
Juan Carlos Martinez PSEko udal ordezkariak, proiektua babestu arren, lan horiek luzera joko dutela nabarmendu du, Eusko Jaurlaritzarentzako metroaren 4. lineak edo Galdakaoko sarbideak Lamiakon metroa lurperatzea baino lehentasun gehiago dutela adieraziz; oraindino dena “oso berde” dagoela gaineratu du.
EH Bildurentzat proiektuaren planteamendua "partziala" da, metroaren ibilbideak dituen 1.300 metroetatik lanek 400 metro lurperatzea bakarrik aurreikusten dutelako. Asier Izquierdo zinegotziak metroaren lurperatze osoa “behin ere ez duela eskatu” aurpegiratu die EAJ eta PSEri. Izquierdok gaineratu du “hitzarmenak lanak burutuko dituzten enpresen holding-ari negozioa bermatzearen beharrari erantzuten” diola, Udalak Lamiakoren birsorkuntza globala planteatu beharko duela azpimarratuta.
Elkarrekin Leioatik, bere aldetik, argiak baino itzalgune gehiago ikusten dituela jakinarazi du. Etxebizitzen nondik norakoak, Lamiakoko Kaiaren berreskurapenerako plana edo metroaren lurperatze lanen ingurumen txostena falta zaiela argudiatuta, ez dute hitzarmena babestu.
PPk hitzarmenari baiezkoa eman dio, edukietan sartu gabe.