Sinadura-bilketa hasi dute Leioako Zine Forumak orain arte bezala jarrai dezan

Erredakzioa 2020ko abe. 7a, 11:23

Datorren urtean Zine Forumagaz ez jarraitzeko erabakia adierazi dute Zineforum Perseo elkartetik, baldin eta Leioako Udalak ez baditu orain arteko hitzarmena eta baldintzak mantentzen.

Leioako Udalak Kultur Leioa Auditoriuma eta baliabideak jarri izan ditu Zineforum Perseoren esku, herrian martitzenero zazpigarren artearen erakusleiho bat egon zedin. Udalaren eta antolatzaileen arteko desadostasunek hitzarmena bertan behera uztea eragin dute, eta baliteke 2021ean Zine Foruma ez egitea.

Elkartetik azaldu dutenez, azken hilabete hauetan Udaleko kultura zinegotziagaz eta Kultur Leioako ordezkariekaz izan dituzten eztabaidek, erabaki hori hartzera bultzatu diete.

Udalak baliabideak eta tokia jarri arren, Zineforum Perseok antolatzen du Zine Foruma, baina Udaletik Kultur Leioaren ekintza bat bezala ulertzen dutela diote elkartetik. Hori dela eta, Udalak hitzarmena sarritan urratu duela eta aldebakarreko erabakiak, kontsultatu gabe, hartu dituela leporatu diote zenbait bazkidek.

Hala ere, datorren urtean, Zine Forumagaz jarraitzeko, Zineforum Perseoko ordezkariek baldintzak jakinarazi dizkiete Kultura zinegotziari eta Kultur Leioako idazkariei, baina oraindik ez dute inolako erantzunik jaso.

Aldi berean, Zine Forumak orain arte bezala jarrai dezan eskatzeko, bazkide eta laguntzaile talde batek sinadura bilketa hasi dute Change.org plataformaren bitartez.

Floren Zarraga bazkideak Leihoa.info atarian dioenez, "harritzen nau hainbeste urtetan mantendutako hitzarmena Udalak bat-batean aldatu eta eten nahi izateak. Zer dela eta derrepenteko aldaketa hori? Zein interes ezkutu dago edo egon liteke erabaki horren atzean?".

Zineforum Perseok izaera ezberdineko gai asko landu izan ditu bere emanaldietan, askotan Leioako beste zinemetara helduko ez ziren pelikulak eskainiz. 16 urteko ibilbidean, belaunaldi ezberdinetako hainbat zinemazale batu ditu, eta elkarteak orain 432 bazkide ditu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun