Ume, gazte eta nerabeen gizarteratzea eta garapen pertsonala bilatzen duen erakunde horrek Lamiakon dauka bere egoitza, baina Bilbo, Getxo eta inguruko herrietan ere egiten ditu ekintzak. Gaur egun, 6 eta 21 urte bitarteko 100 gazte baino gehiagogaz egiten du lan, EAEko hainbat erakunde eta hezkuntza-zentrogaz elkarlanean.
"Bi zutabetan oinarritzen dugu gure lana: hezkuntza euskarria eta arte-proiektuen bidezko garapena", azaldu du David Alday Fidiaseko proiektuen arduradunak. Besteak beste, antzerkia, dantza, musika, komikigintza, grafitia, xakea eta arte martzialak bezalako aukerak eskaintzen dizkiete gazteei. "Beste modu batera ez zituzten eskura izango horrelako adierazpen artistikoak, eta, gainera, beraien potentzial artistikoa ere garatzen laguntzen diegu", dio Aldayk.
Bestalde, eskolan laguntza behar duten gazteen euskarri ere dira, edukiak eta materiak indartzeko helburuagaz. Hori gauzatzeko, boluntario-sare zabalagaz lan egiten dutela azpimarratu du Aldayk: "Bakarkako sistemaren aldeko apustua egiten dugu, horrela, guregana datorren gazte bakoitzak laguntza emango dion boluntario bat izan dezan".
Bakarkako sistema horrek pandemia garaian ere lanean jarraitzea ahalbidetu die: "Babes neurriak beteta, gure lanean egunero erabiltzen ditugun 'burbuilak' mantendu ahal izan ditugu". Hala ere, ikasturtea astiro eta lotsati hasita ere, martxa hartu dute.
Aldayk zehazten duenez, zentroa ez dago mundu guztiari irekita; bertara gizarte zerbitzuetatik edo eskoletatik zuzenean bideratzen dituzten gazteak doaz: "Ez dago beti arrazoi ekonomikoakaz lotuta, guregana datozen asko etorkinak dira, eta laguntza behar dute euskara eta gaztelania ikasteko".