Avanzadan izan ezik, Leioako kale guztietan dago abiadura mugatuta orduko 30 kilometrora, baina Iban Rodriguez Leioako alkateak adierazi duenez, "neurri hori errespetatzen ez duten asko daude, eta badirudi jendeak ez dituela arauak betetzen zigorrik ez baldin badago". Horregaz amaitzeko asmoz, eta herriko errepideak lasterketa-gune bezala erabili ez daitezen, Leioako udaltzainak radar mugikor bat erabiltzeko trebatzen ari dira; otsailean hasiko dira herriko kaleetan ibilgailuen abiadura neurtzen.
Abiadura-mugak ez betetzeagatiko isunak 100 eta 600 euro bitartekoak dira, eta gida-baimenean sei puntu kentzea eragin dezake.
Egitasmoaren aurkezpenean, alkateak gogoratu zuen 2019an herriko kaleetan orduko 30 kilometroko muga ezarri zutela, bide-segurtasun arrazoiak argudiatuta. Neurri horregaz, batez ere oinezkoen segurtasuna babestu gura dute, halaber, horrela zaratak eta kutsadura ere murriztuko direla arrazoitu zuen alkateak.