Pandemian zehar 11 pertsona hil dira COVID-19aren ondorioz Leioako Laguntza Zentroan. Hala adierazi du Leihoa.info atariak, eta argitaratu dituzten datuen arabera, 63 erabiltzaile kutsatu dira egoitza horretan. Leioako nagusien zaintzarako zentroetako beste bi erabiltze ere kutsatu direla jakinarazi du atariak: bat Igurco Estartexe eguneko zentoan, eta beste bat Gaude Uribe Kostako Donibane Lanbide Zentroan.
Laguntza Zentroko langileek iazko azaroan salatu zuten pandemiari aurre egiteko lan-baldintza hobeak behar zituztela. Sindikatuek deituta elkarretaratzea egin zuten planifikazio falta eta baldintza kaxkarrak salatzeko; orduan kritikatu zutenez, materialen kudeaketa oso txarra zen, eta horrek langile eta erabiltzaileen osasuna arriskuan jartzen zuen.
4.408 erabiltzaile positibo
Bizkaiko zerbitzu soziosanitarioetako 4.408 erabiltzaile diagnostikatu dituzte COVID-19agaz; lurralde osoko positiboen % 6,4. Horietako % 84, hau da, 3.716, nagusien egoitzetan bizi dira. Beste % 5 (203) elkarte erlijiosoetan bizi da, eta % 2 (91) etxebizitza partekatuetan.
COVID-19aren ondorioz zendu diren pertsonen batezbesteko adina 87 urtekoa da, eta gainditzen dutenen adina, berriz, 83koa. Hilgarritasunari dagokionez, gizonezkoen % 25ek ez dute gaixotasuna gainditzen, eta emakumezkoen kasuan, aldiz, % 17ak.