Leioako Udaltzaingoa pertsona bat ikertzen ari da ustez herriko dendetan lapurtzeagatik

Erredakzioa 2021ko mar. 22a, 12:37
Agenteak bigarren pertsona susmagaria ikertzen ari dira. © LEIOAKO UDALA

Lapurtzea leporatzen zaion gizon bat identifikatu zuen Leioako Udaltzaingoak eguenean, martxoaren 18an. Haren autoan ostutakoak izan daitezkeen hainbat produktu ere aurkitu zituzten agenteek.

Udal-iturriek adierazi dute udaltzainek Leioako establezimendu batean ustez elikagai-produktuak lapurtzen zegoen gizon bat harrapatu zutela aurreko eguenean, martxoaren 18an. Azaldu dute establezimenduko langileek Udaltzaingoari jakinarazi ziotela lokalean zeuden bi gizon ari zirela dendako produktuak arropa azpian ezkutatzen. Agenteak bertaratu zirenean egiaztatu zuten haietako batek hainbat elikatura-produktu zeramatzala soinean; gaineratu dute ez zutela bigarren laguna aurkitu.

Pertsona susmagarria identifikatu ondoren, bere autoan egindako miaketan, agenteek estreinatu gabeko hainbat motatako produktuak aurkitu zizkioten. Hark ezin izan zuen horien jatorria justifikatu, eta udaltzainek ondorioztatu zuten beste establezimendu batzuetan lapurtutakoak zirela.

Udal-iturriek adierazi dute gizonak aurrekari ugari dituela, eta epailearen esku utzi dutela kasua, lapurreta-delituak egotzita. Bitartean, Udaltzaingoak lapurretetan beste pertsona bat inplikatuta ote dagoen ikertzen jarraitzen du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun