Radar-mugikorra herriko hainbat bidetan probatu eta gero, Leioako Udaltzaingoak autoen abiadura dela eta oinezkoentzat eta txirrindularientzat gune arriskutsuenak identifikatu ditu. Hala, radar-mugikorra izango duten kaleak honako hauek izango dira: Aldapabarrena, Elexalde auzoa eta etorbidea, Iparragirre etorbidea, Unibertsitatearen etorbidea, Gabriel Aresti, Estartetxe, Langileria, Larrarte, Laubide, Lekueder, Luis Bilbao Libano, Mendibil barri, San Bartolome eta Zarrageta kaleak.
Bide horiek aukeratu dituzte bereziki garrantzitsuak direlako, ikastetxeetatik hurbil daudelako eta auzotarrak etengabe kexatu direlako abiadura handian ibiltzen diren ibilgailuez. Beraz, datozen asteetan bide horietan zaintza areagotuko da, baina, behar berriak atzematen badituzte, beste kokaleku batzuk sartzea ez dute baztertu.
Udalerrian orduko 30 kilometroko gehieneko abiadura izateak onura ugari dakartzala nabarmen dute udal-iturriek: oinezkoentzako eta txirrindularientzako hiri atseginagoa izaten laguntzen du, harrapatzeak eta istripuak murrizten ditu, eta airearen kutsadura eta emisio akustikoak murrizten ditu. Baieztatu dute horrek mugikortasun jasangarriko hiri-eredu bat lortzen laguntzen duela, Garapen Jasangarriko Helburuen ildotik.