Leioako institutu berria egiteko lizitazio prozesua martxan jarri da Leioako DBH eta Batxilergoa eraikin batean bateratuta egoteko helburuagaz. Gaur egun, Barandiaran Behekoa (udalerriaren erdigunea) eta Barandiaran goikoa (Santsoena auzoa) eraikinen artean banatuta dago herriko hezkuntza eskaintza, baina proiektu berri horregaz, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak eskaintza bateratu gura dute.
Bestalde, proiektu horregaz, Altzagako ikastolaren jolastokia 2.000 metro koadro handitu ahalko dutela ere baieztatu dute udal-iturriek. Lurzoru hori Altzaga ikastolaren eta Mesedeetako ikastetxearen artean dago, Udalak bereganatu zuena Aldapabarrenaren hiri-garapenari esker, baita Ordezkaritza Erakunde Nagusien –lehen Eskola Kontseiluak– eta Hezkuntzako zinegotzien lanari esker.
Nabarmendu dute institutua udalerri erdian kokatzeak hirigintza eta hiri-lurzoruaren garapena herritarren zerbitzura jartzearen adibide bat dela. Bestalde, udal-arloen arteko elkarlanaren emaitza dela ere azpimarratu dute: alkatetzaren, hezkuntza- eta hirigintza-sailen, Leioako ikastetxe publikoetako Ordezkaritza Organo Gorenen eta Guraso Elkarteen arteko lanaren ondorioa da.