Martxoaren 24an aurkeztu zuten adierazpena, EHUren Bizkaia aretoan, Bilbon. Ekitaldian parte hartu zuen Alberto Santo Tomas SOS Kurkudiko kideak, eta haregaz batera izan ziren dokumentuaren alde sinatu duten EHUko bi irakasle: Ibone Ametzaga, biologoa eta Garapen Iraunkorrari buruzko Masterraren zuzendaria; eta Maite Ruiz, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko irakasle eta ECRI ikerkuntza-taldeko kidea.
Alberto Santo Tomasen esanetan, “Plataformak kezkaz begiratzen dio Leioan gertatzen ari den natur inguruneen urbanizatzeari, eta, 50.000 m 2 babesgabe utzi gura dituen HAPOaren birmoldaketari dagokionez, uste du herrian dauden babes bereziko lurzoru ez-urbanizagarri apurretakoa denez gero, zeharo interesgarria dela etorkizuneko belaunaldientzat gordetzea”. SOS Kurkudiko kideak gogorarazi zuenez, “kualifikazio handiko hainbat irakaslek eman diote babesa adierazpenari, eta plataformak espero du haren bidez oso beharrezkoa den eztabaida abiaraziko dela, politika "desarrollistak" lehenbailehen bertan behera utzi beharraz sentsibilizazioa sortzeko”.
“Ez da zilegi Amazonia kontserbatzearen alde egotea, ez bagara gai geure herriko ingurune naturala zaintzeko”, gaineratu zuen.
Ibone Ametzagak, berriz, adierazi zuen “biodibertsitatea dela gure bizitza-asegurua”. Garapen Iraunkorrari buruzko masterraren zuzendariak azpimarratu zuen “ezin dugula eremu natural gehiagorik galdu gure ongizatearen oinarria delako; gaur dauzkagun osasun-arazoen jatorria biodibertsitatearen galera da, eta udalak giltzarria dira lurraldearen kudeaketari dagokionez”.
Maite Ruizen berbetan, “kezkatu beharko gintuzke zergatik utzi gura den babesgabe bere garaian babestu gura zen Kurkudi mendiaren eremua”. Irakasleak kritikatu zuen aurrera eraman gura den hirigintza-proiektua justifikatzeko argudio modura iraunkortasuna aipatzea. “Garapen Iraunkorreko Helburuen testuinguruan badu lekurik honelako egitasmo batek? Zilegitasuna eman dakioke, ikuspuntu sozialetik zein ingurumenarenetik, eremu paregabe batean gimnasio pribatu bat eraikitzeko proiektuari?”, galdetu zuen.
Aurkezpen-ekitaldia SOS Kurkudiren duen YouTubeko kanalean dago ikusgai (https://youtu.be/4tTFsLgts6U). Eta manifestua osorik irakur daiteke, haren alde sinatu dutenen zerrendagaz batera, plataformaren webgunean: http://www.soskurkudi.org/?p=1910