Aniztasun funtzionala duten pertsonakaz kirola eta jarduera fisiko egokitua baliatuz lan egiten duen Haszten elkarteak eta Leioako Udalak denboraldi bi daramatzate elkarlanean. Harreman horren bitartez, udalerriko dibertsitate funtzionala duten herritarrei kirol eta jarduera fisikoko programa eskaintzen diete. Horri esker, igeriketa, fitnessa edo gimnasia erritmikoa bezalako diziplinak lantzen dituzte. Hori posiblea izateko, Leioako hainbat kirol kluben eta herriko ikastetxeen partaidetza aktiboa dute, besteak beste, Barandiaran, Askartza, Artatza-Romo eta Irlandesas.
Gaur, apirilaren 15ean, egin duten ekitaldian, Haszten elkarteko presidenteak, Pablo Hernandezek, plaka bat eman dio alkateari kirol egokituaren alde egindako lana aitortzeko. Era horretan, Udalak, klubek, ikastetxeek eta herritar guztiek behar bereziak dituzten pertsonak kirolera errazago iristeko egindako lana eskertu gura izan dute.
Egokitutako kirol eta jarduera fisikoen aldeko konpromisoa adierazteko, Iban Rodriguez Leioako alkateak adierazi du Udalak babesa ematen jarraituko dietela, eta eskaintza handitzen jarraitzeko baliabideak ere eskuratuko dituzte. "Herritar guztientzako aukera berdintasuna lortzeko helburua daukagu", adierazi du alkateak.
Bestalde, kirol-proposamen egokituak jasotzeko, eta leioaztarrakaz harremanetan jartzeko, Haszten elkartearen ateak zabalik daudela nabarmendu gura izan du Hernandezek. Ekarpenak edo kontsultak egiteko, info@haszten.org helbidean edo 699.609.588 telefonoa dituzte.