Euskal udalerrietan dagoen errealitate multikulturala islatu gura duen argazki-erakusketa egongo da apirilean Leioako Laket ahalduntze-eskolan, Mendibile kaleko 13 zenbakian. Irudien bidez hainbat emakumeren errealitatea islatzen duen bilduma ikus daiteke astelehen, martitzen, eguen eta barikuetan, 12:00etatik 15:00etara, eta eguaztenetan 16:00etatik 20:00etara.
Argazki-erakusketan askotariko istorioak eta ibilbideak kontatzen dira; bizitza eraikitzeko eta horri zentsua emateko modu ezberdinak, hain zuzen ere. Hala ere, irudietako protagonista guztiek partekatzen dute gauza bera: zoritxarrak gainditzeko bizi behar izan dituzten pasarteak.
Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren babesagaz, Zabalketa eta Ongi Etorri Errefuxiatuak erakundeek antolatu duten erakusketa-ibiltaria Sestaon egon zen martxoan. Aldiz, maiatzean Getxoko Romo Kultur Etxean egongo da, eta ekainean Getxoko Kultur Etxera eramango dute; hilabete horretan ikusgai egongo da Villamonte kaleko kultur-gunean.