Jolastoki inklusibo berria estreinatu dute Txomin Aresti ikastetxean

Erredakzioa 2021ko api. 19a, 14:30

Hurrengo ikasturtean toki berriak jartzea aurreikusi dute, besteak beste, rokodromo bat. © LEIOAKO UDALA

Ikasle guztien beharrei erantzungo dien jolastoki inklusibo berria estreinatu du Txomin Aresti eskolak. Urte bi iraun dituen prozesuan betiko patioari buelta bat eman gura izan diete, eta, besteak beste, umeek nahi zituzten jolasak txertatu dituzte.

Txomin Aresti ikastetxe publikoak bere patio inklusiboa aurkeztu du: eskola-komunitateak, Leioako Udaleko hainbat arlogaz batera, eta parte-hartze prozesu baten ondorioz, landu duen denentzako jolasgunea, hain zuzen ere.

Oraindino ere aukera ezberdinetara zabalik dauden tokiak dituztela adierazi du Miren Arrate ikastetxeko idazkariak, baina nabarmendu du helburua bete dutela: "Asmoa zen beste eskaintza bat ematea, ez bakarrik futbolean oinarritzen zen patioa; horri buelta eman nahi genion". Zehaztu du datorren ikasturtean rokodromoa eta antzezlekua duen toki lasaia ere jarriko dutela.

Duela urte bi hasi ziren ikastetxeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasle guztien beharrei erantzungo zien jolastoki bat diseinatzen. Prozesu horretan parte hartu dute ikasleek, ikastetxeko batzorde pedagogikoak eta familiek. Bestalde, proiektua gauzatzeko hainbat udal-arloren esku-hartzea izan dute; Pablo Zabala artista grafikoa eta Adsis fundazioko Oinarrizko lanbide-prestakuntzako ikasleen laguntza ere izan dituzte egitasmorako.

Horrela, jolastoki inklusiboa eraiki dute, edonork parte har dezakeen kiroletarako eta jolasetarako lekua. Era berean, berdeguneak eta aldarrikapenen horma-irudi bat ere jarri dituzte, berdintasunak eta inklusioak gure gizartean duten garrantzia gogorarazteko.
Gainera, ikastetxea uzten duten Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleek ere utzi ahal izango dute arrastoa jolastoki horretan, beren marrazki eta mezuetarako berariaz sortutako gune batean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun