Bueltan dira Leioako udalekuak

Erredakzioa 2021ko api. 23a, 13:29
Udalekuek hiru programa ezberdin dituzte, adinaren araberakoak. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak Udatxiki, UDA eta Gazteguneko udaleku irekiak antolatuko ditu aurten 2 eta 17 urte bitarteko ume eta gazte leioaztarrentzat. Neurri sanitarioak direla eta, aurten plaza-kopurua mugatuagoa izango dela iragarri dute, bai UDAn, baita udaleku irekietan ere; gehienez sei pertsonako taldeetan antolatuko dira.

Bueltan dira Leioako Udalak herriko adingabeentzako eskaintzen dituen hiru udaleku-programak (Udatxiki, UDA eta Gazteguneko udaleku irekiak). Herrian erroldatutako adingabeentzako udalekuek helburu nagusi bi dituztela nabarmendu dute udal-iturriek: batetik, umeei aisialdirako eta kirolerako aukera eskaintzea, eta, bestetik, uztailean familia eta lana uztartzen laguntzea leioaztarrei.

Udatxikik, 2 eta 6 urte bitarteko txikienei zuzendutako eskaintzak ditu. Maiatzaren 27tik ekainaren 8ra bitartean eman beharko da izena Herritarren Arretarako Udal Zerbitzuan. Aldiz, jarduerak Leioako hainbat ikastetxetan egingo dituzte, eta izena ematen duten txiki guztiek plaza ziurtatuta izango dute; beraz, ez da zozketarik egin beharko.

UDA programa klasiko bat da udalerrian, eta 7 eta 13 urte bitarteko ikasleei dago zuzenduta. Izena emateko epea apirilaren 26tik maiatzaren 7ra bitartean egongo da zabalik. Udalekuetarako lekuak murriztuta egongo dira aurten; izan ere, kirol-instalazioetan egiten diren jarduerak dira gehienak, beraz, beharrezkoa da edukiera murriztuak betetzea, COVID-19aren aurkako protokoloen betetzeko. Hori dela eta, aurten 240 plaza egongo dira erabilgarri uztaileko hamabostaldi bakoitzean; guztira 480 plaza. Maiatzaren 18an, 11: 00etan, Sakoneta kiroldegian, zozketa bidez esleituko dira plazak.

Azkenik, nerabeek Aterpe Leioa Gazteguneak antolatzen dituen udaleku irekietan programatutako jarduerez gozatzeko aukera izango dute. Guztira 60 plaza izango dira, 30 hamabostaldi bakoitzean, 14 eta 17 urte bitarteko gazteentzat. Izena emateko epea maiatzaren 10etik 21era izango da; txanda bi egingo dira eta eskatzaileek hamabostaldia aukeratu beharko dute. Jarduerak (magia, zientzia, lorezaintza, trebetasun probak, gynkanak) Gaztegunean eta Ondiztorren izango dira, baina inguruko eremuetara irteera batzuk ere programatuta daudela iragarri dute.

Inskripzioak Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (udaletxean eta Gaztelubiden) eta Egoitza Elektronikoaren bidez egin daitezke. Horrez gain, Sakoneta kiroldegian UDArako eta Gaztegunean udaleku irekietarako eskaerak ere jasoko dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun