Leioako 2022ko Aurrekontu Irekietan egindako proposamen finalistak maiatzaren 16ra arte egongo dira hautagai. Herritarrek ohiko bideak izango dituzte horretarako: kaleko postontziak, HAZ bulegoak, Leioa Zabalik ataria eta, osasun-egoerak baldintzatzen badu, informazio karpak.
Udaleko teknikariek herritarren 598 proposamen baloratu ondoren, 12 proposamen finalista hautatu dituzte, Aurrekontu Irekien bigarren fasean bozkatuak izateko. Herritarrek honako aukeren artean bozkatu beharko dute:
- Haurrentzako jolasgune berriak jartzea Leioandin, Torresolon eta Pinosolon.
- Komun publikoak jartzea udalerrian zehar.
- Arboladia handiagotzea udalerriko hainbat eremutan.
- Proiektu bat idaztea Ikea Mendi eta Kultur Leioako gunea igogailu baten bidez lotzeko.
- Bizikletak aparkatzeko gune seguruak jartzea bide publikoan eta udal eraikinetan.
- Txakurren ariketarako gunea sortzea.
- Haurrentzako parkeak estaltzen jarraitzea udalerriko eremu guztietan.
- Trafikoa zaintzeko sistema jartzea Sabino Arana oinezkoentzako eremuan.
- TAO aparkaleku-sistema jartzea Pinuetan eta Lamiakon.
- Stoa egokitu eta leheneratzea Iparragirre bulebarrean.
- Horma-irudi artistikoen bidez edertzea udalerriko hainbat eremu.
- Garbigune mugikorra abian jartzea auzoetan hondakin txikiak biltzeko.