Leioako Udaleko Euskara Zerbitzuak programa berri bat jarri du martxan herriko familiak euskaraz jolasteko. "Familian" izeneko egitasmoa zapaturo egingo dute Leioako hainbat tokitan (Sakoneta, Gaztelubide eta San Bartolome), goizeko 11: 30ean (70-90 minutu).
Parte hartzeko izena eman behar da euskarazerbitzua@leioa.net helbidean edo 946 072 576 telefonora deituta. Programa hau bereziki zuzenduta dago lau urtetik gorako umeak dituzten Leioako familia euskaldunentzat.
Zapatu honetan, hilak 8, Sakoneta kiroldegian itzalakaz jolastuko dute. Aldiz, hurrengoan, hilaren 15ean, yoga tailerra, Gaztelubiden izango dena. Hilaren 22an San Bartolomera joango dira, eta maiatzaren 29an, aldiz, Sakonetara itzuliko dira poesia tailerragaz. Tailerrek ekainaren 5ean jarraituko dute Gaztelubiden; bertan, Balendina pertsonaia ezagutuko dute, eta, azkenik, ekainaren 12an, San Bartolomen, jostura sortzailea izango da gaia.
Tailer hauek euskaraz izango dira; izan ere, helburua familia barruan zein familia artean euskararen erabilera bultzatzea eta harreman sarea ehuntzea da. Parte hartzaileek ezinbestean euskara jakin behar dute parte hartzeko.