Uda pasatu arte ez dituzte aurkeztuko irtenbideak Leioa zeharkatzen duen Avanzadaren eragozpenakaz amaitzeko. Mahai gainean dauden aukeren artean, tunelen irteeretan 90 eta 300 metro arteko estaldurak jartzea da gehien zabaldu dena; izan ere, otsailean Aldundiko teknikariek eta Leioa Martxak plataformako kideek izan zuten batzarrean hori aurreratu zuten.
Imanol Pradales Azpiegitura diputatuak EH Bilduk egindako galderei erantzunez, adierazi du uda pasatu arte ez dutela xehetasun gehiagorik emango, oraindik proiektua zehazteke dagoelako. Hala ere, plataformagaz izan zuen batzarrean argitu zuenez, abiadura ez da orduko 80 kilometrotik bajatuko, horrek ez lukeelako zarataren arazoa konponduko.
Raul Mendez EH Bilduko ordezkariak azalpenak onartu zituen, eta gogoratu zion proiektu horrek lehentasuna daukala Arlokako Lurralde Errepideen Planean. Eduardo Andrade PPko ordezkariak egotzi zion Leioako auzotarrek "lurperatzea gura dutela, eta ez estaltzea". Emilio Lobatok, Elkarrekin Bizkaiako ordezkariak, adierazi zuen auzi honetan ez dela "leioaztarren iritzia kontutan hartzen".