Lamiako Maskarada gogoratzeko liburua eta erakusketa aurkeztu dituzte

Erredakzioa 2021ko mai. 10a, 10:39

Arkaitz Correa, Iban Rodriguez eta Arene Arbizu egitasmoaren aurkezpenean. © LEIOAKO UDALA

Aurten ere ezin izango da Lamiako Maskarada egin; baina, leioaztarren artean hain sustraituta dagoen ospakizun hau gogoratzeko, Leioako Udalak Maskaradaren historia eta tradizioa biltzen dituen liburu didaktikoa argitaratuko du. Gainera, argazki-erakusketa ibiltari bat ere antolatu dute.

Maiatzaren azken barikuan ospatzen den Lamiako Maskarada bertan behera geratu da aurten ere. Osasun-egoera dela eta, Leioako Udalak herritarren artean hain sustraituta dagoen ospakizuna ez egitea erabaki du. Hala ere, Leioako sanjoanen aurretik, Mari, Aker, Inguma eta beste hainbat pertsonai mitologikok egiten duten Maskaradaren historia eta tradizioa zabaltzeko, Udalak jolasen liburu eta argazki-erakusketa bana prestatu ditu.

Hala, Lehen Hezkuntzako ia mila ikaslek Maskaradaren historia ezagutu ahalko dute, udalerriko ikastetxe publikoetan banatuko dituzten liburuen bitartez. Argitalpen horretan, Maskaradaren pertsonaiak, garapena eta esanahia aurkituko dituzte.

Iban Rodriguez Leioako alkateak eta Arkaitz Correa eta Arene Arbizu Lamiako Maskaradako antolatzaileek azaldu dutenez, asmoa da ikasleen artean tradizio baliotsuenetako bat ezagutaraztea. Helburu horretarako, ikus-entzunezko materiala ere jarri dute ikusgai Lamiako Maskaradaren webgunean; bertan, Maskaradaren soinu eta dantzak egongo dira ikusgai, hori sentitu ahal izateko.

Bestalde, argazki-erakusketa ibiltari bat ere antolatu dute, Maskaradaren urteetako unerik hunkigarrienak gogoratzeko asmoagaz. "Horren magia sentiarazten duten irudien aukeraketa bat" egin dutela azaldu dute; batzuk udal-artxibokoak, beste batzuk Maskaradak berak utzitakoak, Marcos Ferrer argazkilariak utzitakoak eta beste batzuk Jose Luis Raymond eszenografo ospetsuak eta Maskaradaren eszenografiaren sortzaileak lagatakoak.

Argazki-erakusketa ibiltaria

Erakusketa Leioako hainbat auzotan ibiliko da datozen asteetan, gainontzeko leioaztarrek Maskarada ere ezagutzeko aukera izan dezaten, eta iaz eta aurten ospatu ezin izan ondoren, gogoratzeko modu bat ere izan dadin. Erakusketa San Bartolomen, Txorierrin, Pinuetan eta Leioako erdigunean egongo da ikusgai.

"Oso ospakizun berezia da leioaztarrentzat, baina batez ere Lamiakoko herritarrentzat. Badakigu zer den bi urtez jarraian ezin ospatzea. Horregatik, auzoaren lana balioesteko eta bere historia eta tradizioa zabaltzeko unerik onena zela uste genuen", adierazi du alkateak. Bestalde, kulturak gure bizitzan duen garrantzia azpimarratu du Correak, "bai eta gure ongizatean duen garrantzi izugarria ere, batez ere duela urtebete baino gehiago bizi dugun osasun-egoera honen ondorioz".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun