EISEk, Leioako Udalaren gizarte-hezkuntzarako esku-hartze taldeak, 30 urte bete ditu

Ander Zarraga 2021ko mai. 14a, 11:48
EISE familia eta umeei laguntza emateko Leioako Udaleko zerbitzua da. © LEIOAKO UDALA

Leioako familiakaz eta gazteakaz lan egiten duen gizarte-hezkuntzarako esku-hartze taldeak, EISEk, hiru hamarkada daramatza lanean. Pandemiaren eraginez, zerbitzu horretan laguntzen duten boluntarioen kopurua handitu egin zen iaz.

EISE bezala ezagutzen den Leioako Udalaren gizarte-hezkuntzarako esku-hartze taldeak 30 urte bete ditu aurten. Ibilbide horretan, zailtasun egoeran zeuden hainbat pertsona eta familia lagundu dituzte, dohainik eta eskatzaileen beharren araberako zerbitzuagaz.

Hiru hamarkada horietan, 100 pertsona baino gehiagok parte hartu dute proiektuan, modu altruistan boluntario-lanak eginez. Iban Rodriguez Leioako alkateak urteurrena baliatu gura izan du herritar horien lana eskertzeko. Horietaz gain, taldea osatzen dute sei hezitzailek eta psikologo batek, Udaleko koordinatzaile batek lagunduta. Boluntario-lanak egiten dituztenek haurtxokoetan, udalekuetan, helduen alfabetatzean eta, orain, batez ere, eskola-laguntzetan lan egiten dute.

EISEk seme-alaba adingabeak dituzten familia guztiei ematen die arreta, baldin eta zailtasun-egoera batetik igarotzen ari badira eta gizarte- eta hezkuntza-laguntza behar badute gurasoen eginkizunei modu egokian aurre egiten jarraitu ahal izateko: seme-alaba nerabeak, bikote-gatazkak... esku-hartzea banakakoa, taldekoa edo komunitatekoa izan daiteke.

Pandemian ere zerbitzua mantendu da

Pandemiaren ondorioz, 2020 urtea desberdina izan zen zentzu askotan, hala ere, ez zen oztopo izan EISEk bere lanari eusteko; arreta indibidualagaz, online, edo erabiltzaileei telefono bidezko jarraipena egin zieten. Gainera, boluntarioen kopuruak gora egin zuen iaz: 2019an 22 ziren, eta 2020an, aldiz, 31.

Artatutako pertsonen kopuruari dagokionez, 2019an 369 pertsonek baliatu zuten zerbitzua; aldiz, 2020an, 290 izan ziren erabiltzaileak. Zerbitzu sozialen arloko Juan Carlos Martinezek azaldu du beherakada hori eman dela hiru hilabetez zerbitzua itxita egon zelako, eta, orain, talde txikiagoetan lan egiten dutelako. Horretaz gain, zehaztu dute arreta eman dieten pertsonen erdia baino gehiago emakumeak direla. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun