Leioaztarrek Aurrekontu Irekien bidez garatuko diren proiektuak aukeratu dituzte

Erredakzioa 2021ko eka. 3a, 19:29

Aurrekontu Irekien prozesuari esker, 2022an garatzeko bost proiektuen aukeraketa egin dute leioaztarrek. Parte hartu duten 1.264 herritarrek, besteak beste, komun publikoak, zuhaitzak landatzea eta garbigune mugikorra aukeratu dituzte.

Udalak amaitutzat eman du 2022ko Aurrekontu Irekien prozesua. Azaldu dutenez, hirugarren urtez jarraian, leioaztarrek euren udalerriaren etorkizunaz erabaki ahal izan dute, hobekuntzari begira, zer gastatu eta zer inbertitu datorren urteari begira, hain zuzen ere.

Guztira, 1.264 pertsonek parte hartu dute aurrekontuen bi faseetan. Bigarren fasean, proiektuak bozkatzeko 975 leioaztarren botoak jaso dituzte; horietatik, 45 prestakuntza-saioetakoak izan dira, 199 postontzietan, 163 karpetan eta 568 Leioa Zabalik Gardentasun Atariaren bidez.

Honako hauek dira aukeratutako proiektuak:

  1. Komun publikoak udalerrian zehar.
  2. Arboladia handiagoa udalerriko hainbat eremutan.
  3. Garbigune mugikorra jartzea auzoetan hondakin txikiak biltzeko.
  4. Umeentzako parkea estaltzen jarraitzea udalerriko eremu guztietan.
  5. Umeentzako jolasgune berriak jartzea Leioandin, Torresolon eta Pinosolon.

Udalak adierazi duenez, COVID-19aren pandemiak udal-aurrekontuen exekuzioan eragina izan duen arren, parte hartze prozesuari eutsi diote, eta, horretarako, 900.000 euroko partida mantendu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun