Leioako kanpoko igerilekuek ateak zabaldu dituzte udaldiko bainu-denboraldiari hasiera emanez. Hala ere, aurtengo denboraldia ere osasun-egoerak baldintzatuta egongo da, eta, horregatik, Leioa Kirolak-en izena emanda dauden erabiltzaileek bakarrik erabili ahalko dituzte Torresoloko instalazioak. Gainera, bertaratzeko aldez aurretik izena eman beharko dute www.leioakirolak.eus webgunean, edo telefono bitartez, Sakonetan (944 008 059) eta Torresolon (946 004 475).
Bestalde, ahalik eta pertsona gehienek igerilekuez goza dezaten, Leioako Udalak txanda bi ezarriko ditu egunero, bata goizez eta bestea arratsaldez. Horietako bakoitzean gehienez 400 pertsonentzako edukiera egongo da. Ordutegiari dagokionez, goizeko txanda 10:00etatik 15:00etara izango da eta arratsaldekoa 16:00etatik 21:00ak arte. Instalazioak 15:00etatik 16:00etara itxiko dituzte garbitzeko eta desinfektatzeko.
Udalak zehaztu duenez, igerilekura doazen pertsona guztiak izan beharko dira Leioa Kirolak-eko bazkideak, baita nagusi batek lagunduta doazen adingabeak ere; horiek ere txartela izan beharko dute instalazioetara sartu ahal izateko.
Torresolon igerileku handiaz gain, spa-gunea, ume txikientzako igerilekua, txirristak eta umeen gozamenerako itsasontzi pirata ere daude. Horretaz gain, abonatuentzako padel ikastaroak ere eskainiko dira uztaila, abuztua eta irailean. Lauko taldeetan banatuta, 50 minutuko saio bi egingo dituzte astero.