Jon Lopez izan da Leioa Waterpoloko emakumezkoen lehen taldeko entrenatzailea azken 16 urte hauetan, eta, iaz, taldea Ohorezko Mailara eramatea lortu zuen, nahiz eta aurten ez duten lortu hor mantentzea. Lopezek taldea uztea erabaki du, eta horren ordezkaria izango da Gorka Sanchez. 32 urteko leioaztarrak 12 urte daroatza taldearen egitura teknikoaren parte izaten, eta, azkenaldian, bigarren entrenatzailearen lanak egin ditu Lopezegaz batera, eta, beraz, ezin hobeto ezagutzen du taldea.
Leioa Waterpolotik adierazi dutenez, erabaki horregaz taldeak jarraitasunaren apustuari eusten dio; izan ere, azken hamarkadan, talde leioaztarrak euskal waterpoloaren urrezko orrialdeak idatzi dituela azpimarratu dute, eta Gorka Sanchezen izendapenagaz ibilbide hori segitzeko asmoa dute: taldearen izaera leioaztarra sendotu, harrobi-lanagaz jarraitu eta Ohorezko Mailara bueltatu.
Entrenatzaile berriaren profila
Gorka Sanchez Vega (Leioa, 1989) irakaslea eta waterpolo-entrenatzailea da. Leioako taldean 18 urte eman ditu, 2003an talde leioaztarreko eskolan jokalari gisa sartu zenetik. Mutilen taldeko lehen taldera heldu ondoren, hiru urteko etenaldia egin –2010etik 2013ra arte– eta Askartzara joan zen Lehen Mailan aritzeko.
2013an, bueltatu zenean, jokalaria izateaz gain, entrenatzailea lanak ere egin zituen behe-mailako kategorietan eta Jon Lopezen laguntzaile gisa. 2018an jokatzeari utzi zion, mutilen taldearen gidaritza bereganatu baitzuen, eta, ordutik, nesken lehen taldearen bigarren entrenatzaile lanean ere aritu da.
Orain, teknikari leioaztarrak nesken lehen taldearen gidaritza hartu du, helburu nagusi bigaz: Lehen Mailako sailkapenaren goiko aldean mantentzea eta Ohorezko Mailara itzultzen saiatzea, waterpolo bizkaitarra gailurrera buelta dadin.