Umore Azoka bueltan dator kaleko ikuskizun onenakaz; irailaren 16tik 19ra umore, fantasia eta magia ikuskizunek beteko dituzte herriko kaleak. Iaz, osasun-krisiaren ondorioz, bertan behera geratu ondoren, Leioako Udalak berriz ere antolatu du Kaleko Artisten Azoka.
Iban Rodriguez Etxebarria Leioako alkateak iragarri duenez, "indar handiagoz itzuliko ginela esan genuen, eta horrela egin dugu". Nabarmendu du XXI. edizio honetarako beharrezko neurri guztiak hartu dituztela azoka egin ahal izateko, "Leioak eta kulturak merezi dutelako".
Aurtengo programa artistikoan 39 konpainiak parte hartuko dute, horietako 22 Euskal Herrikoak, 14 espainiar Estatukoak eta beste 3 nazioartekoak, kasu honetan Begika, Portugal eta Ukrainiatik etorritakoak. Estatutik datozenen artean, antolatzaileek katalanak nabarmendu dituzte: Tarregako Fira nazioarteko hitzordu ospetsuenetako bategaz etorriko dira, Nomadak programari esker.
Aurten ere, antzerkia, zirkua, dantza eta umorea izango dira jaialdiaren gai nagusiak, baina baita piroteknia eta dantza bertikala ere. Ia emanaldi guztiak Leioako erdiguneko puntu ezberdinetan egingo dituzte, bertan jarriko diren karpen barruan; horrela, edukiera kontrolatzeaz gain, eguraldi txarra egin arren, ikuskizunak egingo direla bermatuko dute.
Horretaz gain, Leioako Udaleko Kultura Sailak beste hainbat jarduera paralelo antolatu ditu, besteak beste, Kaleko Arteei buruzko liburu baten aurkezpena edo pandemiaren ondoren sektorearen egoerari buruzko hitzaldiak eta mahai-inguruak.
Horregaz guztiagaz batera, azokaren esparru profesionalean lan handia egin dela azaldu dute, eta, horregatik, Umorezko Azoka sektoreko oinarrizko erreferentea bihurtu da nazioartean. Horren ondorioz, nazioarteko hainbat lekutako kultur programatzaileak egotea aurreikusi dute, Portugalekoak bereziki.
“Kaleko arteen sektoreak asko sufritu du pandemia hau, eta Umore Azoka Leioa ez dago errealitate horretatik kanpo. Baina Leioa kultura eta kaleko arteak maite dituen hiria da, eta gure konpromisoa lehen egunean bezain sendoa da”, gogoratu dute antolatzaileek. “Horregatik, 2021ean benetako Umore Azoka Leioa egingo dugu, bizi dugun egoerara egokituta, baina artistak kalean direla, jendeak lehen bezala ikusi eta senti ditzan. Normaltasuna berreskuratzeko bidean jarriko dugun gure aletxoa izango da”.