Iparraldeko Amerikako fantasia-zinemaren jaialdi garrantzitsuenaren ospea du Montrealgo (Kanada) Fantasia International Film Festivalak, eta bertan izango da Igor Legarreta zinema-zuzendariaren azken pelikula: Ilargi guztiak. Euskaraz ekoiztutako banpiroen istorio hau XIX. mendean kokatzen den drama da, Jon Sagalá gidoilariagaz batera idatzitakoa, eta Itziar Ituño, Josean Bengoetxea eta Haizea Carneros aktoreek interpretatuta.
Jaialdiaren antolatzaileek zera adierazi zuten pelikula aukeratu zutenean: "Zuzendariak maisuki erabiltzen ditu tradizio banpirikoaren printzipioak, bizitza eta heriotza, maitasuna eta bakardadea, debozioa eta intolerantzia jorratzen dituen barne-epopeia baterako oinarri gisa. Ezin hobeto egina, banpiroen zinemako onenen artean dago".
Fantasiazko pelikulentzako nazioarteko erakusleiho paregabe horretan parte hartzen duen lehen euskarazko pelikula da. Hala ere ez da lehen pelikula euskalduna izango, 1997an Alex de la Iglesiaren El día de la bestia ere bertan proiektatu zutelako. Fantasia International Film Festivalaren 25. edizioa abuztuaren 5ean hasi zen, mundu osoko produkzioen emanaldiakaz.