Leioako Udal Kontserbatorioko Leioa Kantika Korala gazteen abesbatzak kontzertu bira egingo du Granadako probintzian, irailaren 1etik 5era bitartean. Korua Andaluziako probintziako hainbat herritan arituko da, Granadako Koral Federazioak antolatu dituen hiru kontzertu eskaintzeko.
Hasteko, abesbatza leioaztarrak, Basilio Astulezen zuzendaritzapean, Orgiva herria bisitatuko du irailaren 2an, eguenean. Ondoren, irailaren 3an, barikuan, Granadako Manuel de Falla Auditoriumean egongo dira; azaldu dutenez, bertako akustika estatu espainiarreko onenetako dela esaten da. Aldiz, irailaren 4an, zapatuan, Motril herriko Calderon Antzokian kontzertua emango dute.
Osasun egoeraren ondorioz hainbat aldiz atzeratu ostean, Euskal Herriko mugetatik kanpoko lehen proiektua da taldearentzako. Azaldu dutenez, pandemiaren eraginez Kantikaren agenda oso kaltetua egon da, beraz, bira hau pizgarri garrantzitsua izango da taldearentzako.
Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzak Erreferentziazko Elite Abesbatzaren kalifikazioa eman zion abesbatzari, eta, horri esker, aurrez aurreko entseguak egiten jarraitu ahal izan dute, beharrezko segurtasun-neurri guztiakaz elkartuz eta musika egiten jarraituz, hain zuzen ere.
Disko berria
Horretaz gain, urrian, Like a Rainbow diskoa argitaratuko dutela ere iragarri dute; oraindik editatzeko eta maketatzeko prozesuan daudela azaldu dute.
Garaien, egileen eta estiloen originaltasuna, aldakortasuna eta aniztasuna dira Leioako Kantika Koralaren proposamen musikala definitzen duten ezaugarriak. Beraien proposamen musikalean Europako, Asiako eta Ameriketako autore garaikideen musika dute, bai eta euskal musika eta taldearentzat mundu osoko hainbat konpositorek berariaz konposatutako pieza ere.
Koruagaz batera, Itziar Barredo piano-joleak eta Ander Lekue perkusio jolea ere dira, Leioako Kantika Koralaren ohiko kolaboratzaileak.