Umore Azokaren XXI. edizioa aurkeztu du Leioako Udalak, irailaren 16tik 19ra herriko kaleak berriro ere "ilusioz beteko" dituen programa bategaz. Antolatzaileek nabarmendu dute gaur egungo egoera pandemikora egokitutako edizioa izango dela, beraz, ikuskizun gehienak karpa azpian egingo dira. Hala ere, Euskal Herriko, espainiar Estatua eta Europako beste herrialde batzuetatik etorritako 39 konpainiek Leioa agerleku bihurtuko dute, ikus-entzule guztientzako askotariko emanaldiakaz.
Gaur, irailaren 3an, Kultur Leioan Umore Azokaren programazioa aurkeztu dute Iban Rodriguez Leioako alkateak, Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak eta Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariak.
"Umore Azoka tokiko ekonomia dinamizatzen duen hiriko ekitaldia baino askoz gehiago da; erreferentzia bat da, halaber, gure herrialdeko kultur sektorearentzat, eta, gaur inoiz baino gehiago, gizartearen gogoa berreskuratzeko modu bikaina ere bada", adierazi du alkateak, eta bere desiorik onenak transmititu ditu: "Ilusioak gorantz kotizatzea nahi dugu".
39 konpainia eta 94 emanaldi
XXI. edizio honen programazioari dagokionez, antolatzaileek adierazi dute kalitatea eta aniztasuna nagusituko direla aurten; izan ere, Batzorde Artistikoak 400 proposamen baino gehiagoren artean aukeratu ditu aurtengo konpainiak, programa ahalik eta zabalena osatzeko helburuagaz. Guztira, 94 emanaldi egingo dituzte, eta antzerkia, dantza eta zirku garaikidea izango dira horien ardatz nagusiak, baina "clownaren" umorea, musika, magia, dantza bertikala, txotxongiloak eta ikuskizun piroteknikoak ere izango dira.
Sektoreari dagokionez, Umore Azoka Euskal Herriko kaleko arteen funtsezko erreferentea izaten jarraitzen duela nabarmendu dute antolatzaileek; izan ere, 22 euskal konpainiek parte hartuko dute aurten, eta ekitaldi berean euskal konpainia gehien kontzentratuko dituen lekua izango dela azpimarratu dute. Horretaz gain, espainiar Estatuko14 konpainia eta nazioarteko hiruk parte hartuko dute, kasu honetan, Belgika, Portugal eta Ukrainiatik etorritakoak. Bestalde, Kataluniako konpainien presentzia garrantzitsua izango dela nabarmendu dute ere, neurri batean Fira de Tarregagaz, nazioarteko hitzordu ospetsuenetako bategaz, egin duten NOMADAS programari esker.
Azoka maiatzetik irailera atzeratu denez, ikasturte artistikoa oso aurreratuta dago eta, beraz, konpainiek ezin izango dute estreinaldirik aurkeztu. Hala ere, aukeratutako ikuskizunen aniztasunak eta kalitateak programazio osatua bermatuko dutela iragarri dute antolatzaileek, eta nabarmendu dute ikuslegoak gozatuko dituzten lan ospetsuak egongo direla bertan.
Umorea segurtasunagaz
Emanaldi guztiak Leioako bederatzi gunetan egingo dituzte aurten: Errekalde plazan, Elexalde errotan, udaletxeko plazan, udaletxeko biribilgunean, bulebarrean, institututan, Aldapa auditoriumean, Udondon eta Kandelazubietan. Ia jarduera guztiak karpa azpian egingo dira; horrela, edukiera kontrolatzeaz gain, ikuskizunak gauzatuko direla bermatuko da, eguraldi txarra egiten badu ere. Ikuskizunetara sartzeko, segurtasun-neurriak bete beharko direla ere azpimarratu dute: maskara erabiltzea, eskuak desinfektatzea, esleitutako eserlekuetan jartzea edo leku desberdinetatik sartu eta irtetea, besteak beste.
Programa osoa ikusteko, hemen.