Leioako Udalak sei aire-sentsore aktibatuko ditu udalerriko hainbat puntutan airearen kalitateari buruzko datuak biltzeko. Horiek berehalakoak eta publikoak izango dira, eta LeioaZabalik webgunean egongo dira ikusgai. Bestalde, publikoak diren ingurune itxietan ere neurketan egingo dituztela iragarri dute; liburutegian adibidez, geletako airearen kalitatea une bakoitzean islatzen duten CO2 neurgailuak ere jarriko dituzte.
Egitasmo hau udalerriko aire kalitate hobea lortzeko Smartcity proiektuaren lehen pausoa da. Horren bitartez, epe laburrean, adibidez, zarata-neurgailuak eta ibilgailuak zenbatzeko gailuak ere jarriko dituzte, besteak beste.
Horregaz guztiagaz, Leioako Udalak Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) onartutako kutsatzaile guztiak neurtzeko baliabideak jarri gura ditu, ingurumen-kalitatearen arloko Europako jarraibideak lortzeko helburuagaz. Batzen diren datuen emaitzak berehalakoak eta publikoak izango direla azpimarratu dute, horrela, edozein interesdunek deskargatu eta ikertu ahal izango ditu.
Hori posible izan dadin, Leioako Udalak LORAWAN lankidetza-sare bat duela azaldu dute, udalerrian instalatutako azpiegitura propio bat, Smartcitytik datozen datu horien autokudeaketa ahalbidetzen duena, hain zuzen ere.
Sei neurgailu
Udalak martxan jarri dituen neurgailuak puntu hauetan daude: Sopladorearen biribilgunean, Sarrienan, ikaztegiko aparkalekuan eta hirigunetik igarotzen diren Avanzadako hiru puntutan. Horiek biltzen dituzten datuan LeioaZabalik gardentasunerako webgunean kontsultatu daitezke, edo, bestela, mugikorraren bitartez zuzenean ikus daitezke hainbat tokitan egongo dira QR kodeen bidez, udal-zetroetan eta Lejoanbusan, besteak beste. Horien bitartez, adierazle kutsatzaileen emaitzak, airearen kalitate orokorra eta hilabeteko historikoa aztertu ahal izango da, baita informazio hori hainbat formatutan deskargatu ere.
Smartcity kontzeptua
Udal-iturriek azaldu dutenez, Smart Cities edo hiri adimenduak, ekonomiari, gizarteari eta ingurumenari dagokionez jasangarriak diren hiriak sortzeko asmoagaz sortutako egitasmoak dira. Horien bitartez, hirietan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) aplikatzen dira, garapen jasangarria eta herritarren parte-hartze aktiboa bermatuko dituzten azpiegiturez hornitzeko, hain zuzen ere.
Aurreikuspenen arabera, 2050ean munduko biztanleen % 85 hirietan biziko da; hori dela eta, hurrengo hamarkadetan hiriguneek gero eta arazo gehiagori egin beharko diete aurre: energia hornidura; CO2 isurketak, ibilgailuen trafikoaren plangintza edo ondasun eta lehengaien hornidura, besteak beste. Hori guztia kudeatzeko, teknologia berriak, adimen artifiziala eta Smartcity bezalako kontzeptuan berebizikoak izango dira etorkizunean.