Leioako Udalak eskaintzen dituen gizarte-zerbitzuen gida argitaratu dute

Erredakzioa 2021ko urr. 8a, 11:02
Alkatea eta Ongizate zinegotzia Udaleko gizarte-zerbitzuen gidaren aurkezpenean. © LEIOAKO UDALA

Udalerrian eskaintzen diren zerbitzu, programa eta prestazio ekonomiko zein sozialen sarea ezagutzera emateko gida osatua aurkeztu du Udalak. Formatu fisikoan edo digitalean egongo da eskuragarri herritar guztientzako.

Leioaztarrek Udaleko Gizarte Zerbitzuen inguruan duten ezjakintasunaz ohartuta, herritarren eskura dauden baliabideak biltzen dituen gida argitaratzea erabaki du Udalak. Iban Rodriguez Leioako alkateak eta Juan Carlos Martinez Ongizate arloko zinegotziak aurreko martitzenean, urriaren 5ean, egin zuten aurkezpenean azaldu zutenez, "gidak pertsona eta kolektibo guztien erabateko garapena bultzatzeko helburua dauka".

Leioako Udaleko Gizarte Zerbitzuek bideratzen dituzten baliabideei buruz herritarrek izan dezaketen ezjakintasuna edo nahasmenduaz ohartuta, aipatutako gida egitea erabaki zuten. Bertan, Udaletik eskaintzen diren gizarte zerbitzuen, programen eta prestazio ekonomikoen berri ematen da zehaztasunez eta modu ulerterrazean. Besteak beste, adinekoak, prestazio ekonomikoak, gizarteratzea, haurrak eta nerabeak, indarkeriaren biktimak, berdintasuna, immigrazioa, adikzioak eta garapenerako lankidetza bezalako gaien inguruko informazioa biltzen da bertan.

Gida Leioako etxebizitzetan eta udal-bulegoetan banatzeaz gain, formatu digitalean ere egongo da eskuragarri, QR kodeen bitartez edo Leioako Udalaren webgunean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun