Etorkizuneko Leioarako diseinatutako kiroldegiaren proiektua aurkeztu dute

Iker Rincon Moreno 2021ko urr. 20a, 15:10

Torresoloko kiroldegi berrirako proiektu irabazlearen aurrebista. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak Torresoloko kiroldegi berriaren proiektu irabazlea aurkeztu du; eraikin moderno, jasangarri eta funtzional baten egitasmoak irabazi du lehiaketa. Hurrengo hilabeteetan proiektua gauzatu eta 2022ko amaieran lanen esleipena egitea aurreikusi dute.

Leioako kiroldegi berrirako proiektu irabazlea aurkeztu du Udalak; azpiegitura moderno, jasangarria eta irekia izango dela nabarmendu dute Iban Rodriguez Leioako alkateak eta Anton Uncilla udal-arkitektoak. Alkateak adierazi duenez, "udal-eskumeneko proiekturik garrantzitsuena izango da"; izan ere, aurreikuspenen arabera, egitasmoaren aurrekontua 32.512.815 euro gehi BEZa da.

Epeei dagokienez, oraindik, proiektua garatzeko hitzarmena sinatu beharra dago, eta, behin hori eginda, proiektugileek hamar hilabeteko epea izango dute hori gauzatzeko; horrenbestez, 2022ko amaierarako lanen esleipena hastea aurreikusi dute.

Azpiegitura berriaren egitasmoan nabarmentzen diren ezaugarriak dira: modernoa, erabilgarria, argiduna eta ekologikoa. Torresoloko kirol-gunea "besarkatuz" egingo den eraikinak egitura mailakatua izango du, barrualdearen argiztapen eta aireztapen naturala erraztuko duena. Gainera, Uncillak azpimarratu duenez, "eraikina oso funtzionala izango da, bai erabiltzaileentzat bai kirol-ekitaldiak ikusten doazen ikusleentzako ere. Bestalde, proiektua bere jasangarritasunagatik bereizten dela azpimarratu dute udal-ordezkariek: energia garbiaren kontsumo nuluko eraikina izango da, % 100 deskarbonizatua eta arreta berezia jarri dute ekologikoki errespetuzkoak eta iraupen luzekoak diren material eta osagaien erabileran.

Alkateak adierazi duenez, gaur egungo Leioako biztanleria-kopuruarentzako pentsatutako azpiegitura da, baina etorkizunean egon daitekeen hazkundea era jasateko pentsatuta dago.

Kiroldegi berrirako proiektuak aurreikusten dituen zerbitzuen artean daude mota ezberdinetako igerilekuak, hainbat kirol praktikatzeko pabiloia harmailakaz, frontoi bat, gimnasioa, erabilera anitzeko gelak eta rokodromoa, besteak beste.

Gainera, kiroldegi berriak ludoteka, kafetegia, klubentzako batzar-gelak eta administrazioko bulegoak ere izango ditu.

Proiektu irabazlea

Proiektu egokiena aukeratzeaz arduratu den epaimahaiak U.T.E. Alonso Hernandez & Asociados Arquitectura S.L. y  O ARQUITECTURA S.L.P. enpresen proiektua lehenetsi dute, beste 15 hautagaien artean. Udal-teknikariek eta beste udalerri batzuetako langileek osatutako epaimahaiak aukeratutako proiektu irabazleak 30.000 euroko diru-saria ere jaso du.

Egitasmoa garatzeko, Udalak aldez aurretik egindako herritarren, kluben eta erabiltzaileen beharrizanen ikerketa batean oinarritu behar izan dira proiektugileak. Horretarako, guztira, 700 elkarrizketa egin ziren  kirolariei, gurasoei eta kirol-instalazioetako erabiltzaileei. Herriko elkarte, eskola eta klubakaz ere 34 elkarrizketa egin zituztela zehaztu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun