Herrigune Leioak irudi berria estreinatu du bere 20. urteurrenean

Ander Zarraga 2021ko urr. 26a, 14:12

© HERRIGUNE LEIOA

Leioako proiektu parte-hartzaileak bere barne-egitura ere eraberritu du, herritarrek beraien interesen arabera parte har dezaten. Gainera, urteurren honetan, udal-proiektu berritzailean parte-hartu duten herritarrei eskerrak emateko bereizi sortutako iragarkia ere estreinatu dute.

Duela 20 urte sortu zen Herrigune Leioa, eta orduan proba pilotu moduan besterik ez zena hasi parte hartzearen eredua bilakatu da beste hainbat udalerri eta erakunderentzako. Urteurrena ospatzeko, proiektu parte-hartzaileak irudi eta barne-egitura berria estreinatu ditu.

Herrigune Leioa sortu zenean, haurtzaroaren eta parte-hartzearen aldeko apustua egin zuen Leioako Udalak, eta udalerriko 3.000 ume baino gehiagoren laguntzari esker Leioarako altxorra denboraren kapsula lurperatu zuten; kapsula bost urte barru lurpetik aterako dute, udalerriaren urteurrena ospatzeko. Era berean, egun horretan, Leioako Udalak eta herritarrek konpromisoa ere bereganatu zuten, haurtzaroagaz, jolasagaz eta umeen parte-hartzeagaz.

Iban Rodriguez Leioako alkateak Herrigune Leioaren irudi berria eta udal-proiektu horretan parte-hartu dutenei eskerrak emateko bideoa aurkeztu ditu gaur, urriaren 26an, egindako aurkezpenean. Gaineratu duenez, "hau hasiera besterik ez da, udalerria hobetzen jarraitzeko eta auzo-komunitatea ahalduntzen jarraitzeko".

Irudia ez ezik, Herrigune Leioak barne-egitura berria ere aurkeztu du. Horri esker, herritarrek beren interesen arabera hiru ildo estrategikoren bidez parte har dezakete: Hazi,  batez ere pertsonen zentratutako gunea; Ekin, herriaren garapen kolektiborako lan-arloa; eta Garatu, Udal erakundeen barnera begira dagoen lan-ildoa. Bestalde, Herrigune Leioak Haurtzaroaren Kontseilua hartzen jarraitzen du, eta, horren bitartez, umeen beharrizanak ezagutu ahal dituzte, udalerriarentzat interesgarriak diren gaiak umeen ikuspegitik jorratuz.

Horretaz gain, alkateak azpimarratu duenez, "proiektu honek pertsonak ahalduntzen lagundu digu, komunitatea sortu ahal izan dugu eta parte-hartzea nola sustatu ikasi dugu".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun