COVID-19aren ondorioz hil diren herritarrak gogoratuko dituzte Leioako Egunean

Ander Zarraga 2021ko aza. 3a, 13:33

Bihar, Leioako Eguna izango da, udalerria sortu zeneko 495. urteurreneko ekitaldi sinbolikoa, hain zuzen ere. Hala ere, aurtengo ospakizuna oso bestelako izango da aurreko urteetakoakaz alderatuta, izan ere, COVID-19aren ondorioz hil diren herritarrak gogoratu eta laguntza eman zutenei omentzeko baliatuko dute urteurrena.

Bihar, azaroaren 4an, Leioako Eguna izango da, baina aurtengo ospakizunak oso bestelakoak izango dira, beste urteakaz alderatuta. Iban Rodriguez Leioako alkateak azaldu du aurtengo urteurrenean COVID-19aren ondorioz hil diren eta laguntza eman duten herritarrak gogoratzeko baliatuko dutela: "Ez genuen efemeride honen ohiko ospakizuna berriz hartu nahi, auzokide hauei euren borroka, lana eta dedikazioa gogoratu eta eskertu gabe".

Leioako sorreraren 495. urteurreneko ekitaldia sinbolikoa izango dela zehaztu du alkateak, "aurrekoakaz alderatuta oso bestelakoa". Horretarako, 20:00etan jarri dute hitzordua, Leioako Indarra Nestor Basterretxearen eskulturaren ondoan. Bertara, udalbatzaz gain, Leioako herritar guztiak gonbidatu dituzte, "guztien artean omenaldi polit hau egiteko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun