Leioako Udalak udalerriko HAPOren berrikuspenari ekin dio

Ander Zarraga 2021ko aza. 4a, 12:16

© LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak 1999tik indarrean dagoen HAPOren berrikuspena abiatu du, udalerriko lurzoruaren eta eraikinen erabilerak antolatzeko. Hurrengo hilabeteetan, herritarren parte-hartzea sustatzeko jarduerak egingo dituzte, hirigintza-plan orokor berria osatzeko asmoagaz.

Udalerriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspena egiteko prozesua abiatu du Leioako Udalak, orain arte, indarrean egon den hirigintza-plana 1999koa baita. Udal-iturriek azaldu dutenez, udalerriaren antolamendua arautzen duen tresna nagusia da, hau da, Leioako lurzoru eta eraikin publiko zein pribatuen erabilerak antolatzen dituen tresnaren berrikuspena egingo dute, hain zuzen ere.

Adierazi dutenez, indarrean dagoen HAPOk 20 urte bete ditu, eta hori berrikustea beharrezkoa da, Leioako egungo egoerara egokitzeko. Era berean, nabarmendu dute horren zikloa amaitu dela eta planaren helburu nagusietako bat lortu dela: Leioako auzoak beren artean elkar-lotzea, bizitegi-hazkunde berriei esker, kalitatezko hiri-espazioak sortuz, babestutako etxebizitza-eskaintza handiagaz (ia eraikitakoaren erdia) eta berdegune handiakaz (17 m2 espazio libre eta berdegune baino zertxobait gehiago biztanleko lortu arte).

HAPOa berria lortzeko prozesua luzea izango dela iragarri dute, gutxi gorabehera bost urtekoa, eta, lehen faseetan, herritarren parte-hartzea "bereziki garrantzitsua" izango dela adierazi dute. Udalaren asmoa da HAPO berriak bizilagunen beharrei erantzutea, eta helburu horregaz hainbat ekintza egingo dituzte: prestakuntza-saioak, informazio hitzaldiak, erakusketak, aldizkariaren eta udalaren webgunearen bidezko zabalkundea...

Herritarren parte-hartzea bultzatzeko asmoagaz, 10ean eta 17an, eguaztenak biak, Danontzako Hirigintzari buruzko hitzaldi bi eskainiko ditu Udalak, Kultur Leioako auditorioan. Horien helburua da HAPOren esparru teknikoa modu erraz eta didaktikoan azaltzea, leioaztarrek errazago uler dezaten.

Bestalde, abenduan, herritarrek parte-hartzeko ekintza ugari hasiko dituzte, hurrengo hilabeteetan zehar luzatuko direnak, HAPOren diagnostiko-fasearen barruan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun