Leioa Martxan elkarteak desegitea erabaki du

Ander Zarraga 2021ko aza. 8a, 16:34

Leioa Martxan elkartea Avanzadaren estaltzea eskatzeko sortu zen.

Sare sozialetatik egindako argitalpen baten bidez jakinarazi dute erabakia, azalduz Avanzada estaltzeko helburua ez dutela bete. Jakinarazi dutenez, erabakia hartu dute Aldundiak BI-637 errepidearentzat duten behin betiko konponbidea ezagutu ondoren, ez zaielako "konponbide duina iruditzen", ez dituelako Avanzada pairatzen duten herritarrak kontutan hartzen.

Leioa Martxan elkarteko kideek erakundearen desegitea adierazi dute, domekan, azaroaren 7an, sare sozialetan egindako argitalpen baten bitartez. Urte bat eta zortzi hilabeteko ibilbidearen ostean, "erabakia ez da erraza izan, baina daborduko ez dugu indarrik aurkitzen jarraitzeko", adierazi dute.

Erabakiaren arrazoietako bat da barikuan Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariakaz izandako bileran ezagutu zuten "Avanzadaren konponbide gisa iragarritako proiektua". Egitasmo hori leioaztarrentzat mesedegarria izan daitekeela aitortu arren, beraientzako ez litzateke nahikoa izango arazoagaz behin betiko amaitzeko: "Hasieratik salatu ditugun gabezia nabarmenak dituela proiektuak, Txomin Aresti eskola, Kandelazubieta, Mendibile eta San Juan bezalako gune garrantzitsuak estalketetatik kanpo geratuko baitziren".

Salatu dutenez, Aldundiak benetako arazoagaz amaitzeko proposatzen dituen konponbideak, "makillaje soilak edo aurreikusten zailak diren denborazko espazioetan lurperatzeko promesak dira". Gaineratzen dutenez, beste behin ere autoa intentsiboki erabiltzea defendatzen duten proiektuak lehenesten ditu Aldundiak, "Avanzada egunero pairatzen duten bizilagunen sufrimenduaren kontura".

Bukatu aurretik, adierazi dute beraien helburua ez dutela lortu: "Leioako orbain sakona konponduko duen irtenbide duin batera eramateko helburua ez dugu bete. Modernitatez estalitako konponbideak, Avanzada pairatzen duten pertsonak kontuan hartu gabe, ez zaizkigu duinak iruditzen".

Azkenik, komunikatuan adierazten dute txikiak direla, familiak dituztela eta beraien indarrak urriak direla, eta barkamena eskatzen dute, "uneren batean norbait minduta sentitu bada, baita iruzur egin bazitzaion ere, gure asmoa ez zelako inoiz izan".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun