Leioako Alderdi Popularreko Jon Eguiluzek, kale-zurrutari buruzko ordenantza bat sortzea eskatuko dio udal-gobernuari; argudiatu dutenez, herritarrek askotan salatu duten jarduera horregaz amaitzeko konponbidea izango litzateke.
Alderdi Popularreko ordezkariak azaldu duenez, Leioako kaleetan gero eta gehiago dira alkohola kontsumitzeko gune publikoetan egiten diren bilera masiboak. Jarduera hori jokabide arriskutsua dela azpimarratzeaz gain, adingabeen artean edari alkoholdunak eskuratzeko erraztasuna dagoela nabaritzen dela ere deitoratu du politikariak. Horrek, azken finean, bizikidetzari kalte egin eta leioaztarren atseden eta bizi-kalitatea oztopatzen duela adierazi du Eguiluzek.
Gaineratu duenez, ez da jaietako arazo puntual bat, udalerriko erdigunean kale-zurruta egitea ohiko bilakatu baita. Hori dela eta, Eguiluzek kritikatu du herritarrek ez dutela zertan jasan behar kalean edateko biltzen diren gazte-talde horien musika, zarata, pixak eta zaborra.
"Serio hausnartu behar dugu arazo honen inguruan: kale-zurruta oso arazo nabarmena izan da lehendik ere, baina arazoa larritu egin da azken hilabeteotan. Herritarrek hainbat salaketa jarri dituzte, baina euren kexak ezerezean geratu direla dirudi, gobernu-taldeak oraindik ez baitu neurririk hartu arazoagaz amaitzeko", salatu du Eguiluzek.
Horren aurrean, eta bizilagunek jarrera horiek hainbatetan kritikatu dituztela kontutan izanda, PPko bozeramaileak adierazi du auzokideakaz bat egiten dutela, eta "praktika gogaikarri hori arautuko duen ordenantza bat" sortzeko proposamena aurkeztuko dutela.