Leioa Kantika Korala gazte abesbatza lehen sariagaz bueltatu da Asturiaseko XXXVII. Villa de Aviles lehiaketatik. Zapatuan, azaroaren 27an, egin zen lehiaketan Oñatiko Ganbara Abesbatzak, Iruñeko Aizaga Ganbera Abesbatzak, Leongo Angel Barja Abesbatzak eta Madrilgo Voces para la Convivencia abesbatzak parte hartu zuten, talde leioaztarragaz batera.
Leioaztarrek, Randall Stroope, Maurice Ohana, Patrick Chiu eta Lisa Youngen abestiak aukeratu zituen lehiaketarako. Horiek abesteko, Kantika Koraleko hogeita hamar kantarik osatutako abesbatza txikiagaz parte hartu behar izan zuten, antolakuntzak osasun- eta segurtasun-arrazoiengatik jarritako murrizketak zirela eta.
Azaroaren 28an, domekan, jakinarazi zen Leioa Kantika Koralari sari nagusia jaso zuela; aldiz, bigarren saria Angel Barja de León Abesbatzari eman zioten, eta hirugarrena Oñatiko Ganbara Abesbatzari. Epaimahaiak aho batez hartutako erabakia izan zen, eta Kantikaren "kalitate tekniko eta artistiko handia" azpimarratu zuen, baita "errepertorioa eta eszenaratzea egoki aukeratu izana" ere.