Leioako Udalak 18 pertsona kontratatuko ditu hainbat jarduera egiteko

Erredakzioa 2021ko aza. 30a, 12:10

© LEIOAKO UDALA

Enplegu Plana baliatuta, Leioan 18 pertsona kontratatuko dituzte: alde batetik turismoa, tokiko merkataritza eta euskara ardatz duten lan estrategikoak egingo dituzte; eta, bestetik, udalerrian ongizate-baldintzak bermatzeko hiri-jagoleen taldea osatuko dute.

Leioako Udalak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari esker, 18 pertsona kontratatuko ditu 2021eko Tokiko Enplegu Planaren esparruan. Programak hainbat jarduera-ildo ezartzen ditu enplegua sustatzeko; horrela, Leioako garapen sozioekonomikoa eta modernizazioa ekarriko duten proiektuak bultzatuko dituzte, udalerriko ardatz estrategikoak sustatzen dituzten bitartean.

"Auzoko laguntzaileak" proiektuaren bitartez, Leioako Udalak herritarren eskura jarriko ditu onura publikoko hainbat zerbitzu, hainbat gairi buruzko informazioa eta aholkularitza emateko eta udalerria benetako ongizate-estatua izateko behar diren baldintzetan egon dadin zaintzeko. Zehazki, 10 pertsona kontratatuko dituzte: auzoko lau laguntzaile, arotz bi eta lau margolari. Horrela, hiri-jagoleen talde horrek antzemandako gorabeherak arinago konpondu ahal izango dira, horretarako eratutako lan-brigadaren esku-hartzeari esker.

Bestalde, Leioako udalerriko ardatz estrategikoak indartzeko programarako, zortzi pertsona kontratatuko dituzte tokiko merkataritza dinamizatzeko, turismoa sustatzeko, ahultasun-egoeran dauden pertsonen autonomia eta ahalduntzea bultzatzeko, herritarren parte-hartzea sustatzeko, euskara dinamizatzeko eta artxiboak digitalizatzeko lan teknikoak egiteko.

Proiektu horien bidez, pertsonen enplegagarritasuna hobetzeaz gain, udalerriaren lehiakortasuna eta erakarpena bultzatu nahi dira, bizimodu atsegineko ingurune gisa eta herritarren eskura dauden zerbitzuekin.

Hautagaien aurre-hautaketa Lanbidek egingo du, deialdian ezarritako baldintzen arabera. Lanbiden datuak aldatu edo eguneratu nahi dituzten pertsonek Behargintzan edo Lanbideren bulegoetan egin ahal izango dute. Hala ere, informazio guztia webguneko lan-eskaintza publikoaren atalean edo Behargintza Leioan dago eskuragarri.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun