Landa-inguruko jardueren erakustaldiak egingo dituzte aste-akabuan Leioan

Erredakzioa 2021ko abe. 10a, 16:19

Herri kirol erakustaldiak egingo dituzte asteburuan Leioan. © BIZKAIKO EUSKAL JOKO ETA KIROL FEDERAKUNDEA

Leioako Udalak kaleko jardueraz betetako aste-akabua antolatuko du, iraganera bidaiatzeko eta eskualdeko landa-sustraiak gogoratzeko aukera eskaintzeko helburuagaz. Domekan, abenduaren 12an, abeltzaintzari eta euskal artisauen lana ezagutzeko aukera egongo da, umeentzako erakustaldi eta tailerrakaz, eta, zapatuan, berriz, euskal herri kiroletan arloan oinarrituko dira jarduerak.

Zapatuan, abenduaren 11n, Udaleko Kirol sailak kultur sailagaz bat egingo du, Sakoneta kiroldegian herri kiroletako erakustaldi zabala eskainiko baitute, 11:00etatik 14:00etara. Helduek zein txikiek euskal herri kirolen modalitate bakoitza ezagutzeko aukera izango dute, eta, besteak beste, txinga eroatea, lasto batzea edo sokatira bezalako probak zuzenean probatu ahalko dituzte.

Aldiz, domeka goizean, 11:00etatik 14:00etara, Leioako hainbat puntutan umeentzako erakustaldiak eta tailerrak egongo dira, landa-eremuan lanean nola egiten den ikusarazteko. Hala, Boulevardean, hainbat profesionalek erakustaldiak egingo dituzte eta ikusi ahalko da behiak nola jetzi, ganaduaren burdineria nola egiten den, artzainen lana ezagutzeko aukera ere egongo da eta Gure Ohiturak eta Txikiak dantza taldeek euskal dantza erakustaldia eskainiko dute.

Horretaz gain, Errekalde plazan euskal herri kirolen erakustaldiak egingo dituzte, hala nola aizkolarienak. Eta, azkenik, Jose Ramon Aketxe plazan, umeentzako tailerrak, poney-ibilaldiak eta labeldun produktuakaz lotutako hainbat lanbideren erakustaldiak egingo dituzte. Bukatzeko, bertso saioa ere egingo dute, eta Beñat Vidal gai-jartzaileagaz egongo dira Oihana Bartra, Aitor Mendiluze, Julio Soto eta Maddi Ane Txoperena bertsolak.

Herri kirolen ekitaldi nagusia profesionalek egingo dute, abenduaren 12an, domekan, Errekalde plazan izango da. 11:00etan aizkolariak, 13:00etan iparraldeko kirolak, eta 14:00etan Jon Gisasola, Marina Blanco eta Lucia Orbe harri-jasotzaileak egongo dira.

Bizkaiko Goma gaineko Sokatira Txapelketa

Hori guztia nahikoa ez balitz, Bizkaiko Goma gaineko Sokatira Txapelketako bigarren jardunaldia ere lehiatuko da domekan, 11:30ean, Sakonetan. Lehen jardunaldia abenduaren 3an jokatu zen Diman, eta, aldiz, hirugarrena eta azkena Abadiñon izango da abenduaren 18an. Txapelketak zortzi talde biltzen ditu, bi kategoriatan banatuta: alde batetik, emakumezkoen 520 kiloko hiru taldeak (Gaztedi, Abadiño A eta Abadiño B), eta, bestetik, gizonezkoen 640 kiloko bost taldeak (Goiherri, Gaztedi, Murueta, Abadiño A eta Abadiño B).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun