Leioako Udalak 40.689.878,59 euroko udal-aurrekontua onartu du 2022rako; gainera, Soinu Atadia eta Euskararen Erakundea erakunde autonomoek 2.240.285,75 eta 982.194,21 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren. Aurrekontua, atzo, abenduaren 23an, egindako osoko bilkuran onartu zuten Euzko Abertzaleak eta Leioako Sozialistak osatutako gobernu-taldearen aldeko botoakaz; Elkarrekin Leioa Podemos eta PP abstenitu egin ziren, eta EH Bildu Leioak aurka bozkatu zuen.
Horrenbestez, 2022ko Leioako udal-aurrekontua, udalerriko historiako aurrekonturik handiena izango da. Horren bitartez, besteak beste, pertsonaleko gastua bezalako partidak indartu dituzte, udal-langileen soldata-igoeragaz; gainera, Gizarte Zerbitzuakaz eta Enplegu eta Prestakuntzarako partidak ere indartu dituzte, “Leioako herritarrak erdigunean jarriz”, Iban Rodriguez Etxebarria Leioako alkateak zehaztu duen bezala.
Alkatea “pozik” azaldu da Leioako aurrekonturik handiena onartu dutelako, “adostasun zabalarekin eta herritarrei erantzuteko lehentasun bakarrarekin”. Era berean, eskerrak eman zizkien alderdi politiko guztiei “aurrez erakutsitako jarreragatik, zehazki, Elkarrekin Podemosen eta PPren jarreragatik”, eta zehaztu zuen ezen, “indar guztiekin akordiorik lortu ez bada ere, ateak irekita daudela urte osoan, proposamen berriak sartu ahal izateko”.
Bere aldetik, Leioako alderdi sozialistatik, Juan Carlos Martínez Llamazaresek aurrekontu hauetan lortutako “adostasun zabala” eskertu zuen eta etorkizunean ere mantentzearen alde agertu zen.
EH Bilduk aurka bozkatu zuen
EH Bilduko Asier Izquierdo Aguilerak “positibotzat” jo zituen lortutako akordio politikoak, baina deitoratu zuen aurreko aldietan eskuratutako adostasun batzuk bete ez izana. Gainera, alderdiaren ezezko botoa argudiatu zuen, gobernu-taldeagaz lehentasunak partekatzen ez dituztelako.
Alde batetik, koalizio abertzaleak 1,7 milioi euro inguruko zuzenketa partzialak aurkeztu zituen, 2020an, izurritearen ondorioz, bertan behera geratutako zenbait partida akordio berreskuratzeko asmoagaz. Horietan, hainbat inbertsio berrikusten ziren, hala nola Pinuetan aparkalekua eraikitzea, Cervantes plazaren konponketak, Gaztelubideko frontoiaren estaltzea, zenbait inbertsio Lamiako auzoan eta herriko kultur etxeen birgaitzea.
Beste aldetik, EH Bilduko ordezkariek etxebizitza publikoak eraikitzeko beharra eta 40 urte baino gehiagoko eraikin zahartuak berritzeko udal-laguntzak ere planteatu zituen, udalerriko gazteei etxebizitza eskuratzea laguntzeko.
Gainera, gobernu-taldeari planteatutako hiru konpromiso ere nabarmendu zituzten, EH Bilduren ustez proiektuak partekatzeko borondatea agerian utziko zituztenak: lehenik, erakundeen arteko elkarlana Leioa eta Areeta arteko metroa lurperatzea lortzeko; bigarrenez, Ondiz historikoaren egungo egiturari eusteko indarrak batzea; eta, hirugarrenez, ordenantza berri bat kultur taldeei eta tokiko elkarteei udal-lokaletara azkar sartzeko aukera emango diena.
Elkarrekin Podemos Leioa eta PP abstenitu
Elkarrekin Leioa Podemosetik, Jose Ignacio Vicente Martinezek eskerrak eman zituen, “gobernu-taldeak akordio garrantzitsuak eta leioaztarren aldeko konpromisoak lortzeko" erakutsi duen jarreragatik. Hori dela eta, alderdi moreak abstenitzea erabaki zuen, “gure aurrekontuak ez diren arren”, gaineratuz.
Leioako PPko ordezkariak, Jose Luis Eguiluz Bordek, bere abstentzioa bide beretik eraman zuen, “aurrekontuak konpartitu ez arren herritarrekiko jarrera arduratsu gisa” jokatzearen alde egin duela argudiatuz; izan ere, azpimarratu zuenez, “udal-aurrekontua oso tresna beharrezkoa da herritar guztientzat”.