Leioako Udaleko Euskara Zerbitzuak "Familan" programaren saio berriak antolatu ditu datozen hilabeteetarako. Tailerrak, 4 urtetik gorako ume leioaztarrei zuzenduta daude, betiere pertsona heldu bategaz lagunduta. Bertaratzeko, ezinbestekoa izango da da astebete lehenago Euskara Zerbitzuan izena ematea.
Bertan egingo dituzten saioak euskara hutsean izango dira, helburua euskararen erabilera sustatzea baita, bai familian, bai familia artean, eta harreman-sare bat osatzea. Parte hartzaileek, beraz, euskaraz komunikatzen jakin behar dute parte hartzeko.
Hilero bi saio eskainiko dituzte (urtarrilaren 15ean eta 21ean, otsailaren 6an eta 11n, martxoaren 6an eta 11n, apirilaren 1ean eta 2an eta maiatzaren 7an eta 13an), 70-90 minutukoak bakoitza, Leioako hainbat tokitan: Pinuetako ludoteka eta Kultur Leioa.
COVID-19a dela eta, une bakoitzean dauden segurtasun- eta babes-neurri eta -arau guztiak bermatuko dira. Horrek edukiera edo egutegia egokitzera behartu lezake. Gainera, zehaztu dutenez, indarrean dagoen legediaren arabera, Covid Ziurtagiria eskatuko diete bertaratzen diren helduei.