Martxoan hasiko dituzte Leioako familia eskolak

Ander Zarraga 2022ko ots. 15a, 09:35

© LEIOAKO UDALA

Seme-alaben hezkuntzan eta zaintzan laguntza eta aholkuak emateko familien eskola abiaraziko du Leioako Udaleko Hezkuntza Sailak. Horretarako, hiru adin-tartetan banatutako ikastaroak eskainiko dituzte ekainera bitartean. Eskolak Mendibile ikastetxean egingo dituzte, Mendibil kaleko 13 zenbakian, lehen solairuan; bertaratzea doakoa izango da, baldintza bakarra Leioan erroldatuta egotea izango da.

Martxotik ekainera hiru ikastaro hauek eskainiko dituzte, adin-tarteen arabera banatuta:

  • Titi ta te, 0-2 urte bitarteko umeak dituzten familientzako: txikiak askatasunez mugitu ahal izateko pentsatutako espazio bat proposatuko diete bertan, antzeko familiak ezagutzeko aukera izan dezaten, hain zuzen. Eguaztenetan izango da, 11:00etan, martxoaren 2tik aurrera.
  • Bitan, 2-6 urte bitarteko seme-alabak dituzten familientzako: familia-loturak eta familiaren ongizatea hobetzeko tresnak eta baliabideak sortu eta indartuko dituzte. Zapatuetan izango da, 18:00etan, martxoaren 5etik aurrera.
  • Famili on, 6-12 urte seme-alabak dituzten familientzako programa. Gune horretan, familia-loturak eta familiaren ongizatea hobetzeko tresnak eta baliabideak sortu eta indartuko dituzte. Barikuetan izango da, 18:00etan, eta martxoaren 4an hasiko dira.

Eskoletako partaidetza librea eta doakoa izango da, mota guztietako familientzat; baldintza bakarra Leioan erroldatuta egotea izango da. Horietan, izena emateko, inprimaki hau bete beharko da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun